Gizartea -
Ikerketa
Almerian desagertutako 8 urteko umearen gorpua aurkitu dute
Poliziak adingabearen aitaren bikotekidea atxilotu du, gorpua autoko maletategian zeramala.
Agentziak
Poliziak hilda aurkitu zuen atzo, igandea, Gabriel Cruz, otsailaren 27an Nijarren (Almeria, Espainia) desagertutako 8 urteko umea. Adingabearen aitaren bikotekidea atxilotuta dago, hiltzailea delakoan, ikerketa iturrien arabera. Emakumeak haurraren gorpua autoaren maletategian zuen ezkutatua, atxilotu zutenean.
Gabriel Cruz umea hiltzea egotzita atxilotu duten emakumea Ana Julia Quezada Cruz da. Jatorriz Dominikar Errepublikakoa da, eta orain dela hilabete batzuk hasi zuen harremana Angel Cruz mutikoaren aitarekin, Cruzen senideen arabera.
Umea galdu baino lehen, orain dela bi aste, atxilotua eta umearen amama egon ziren Gabrielekin etxean.
Las Hortichuelaseko bizilagunak Eferi adierazi diotenez, aurreko larunbatean, martxoak 3, hartu zioten susmo txarra atxilotuari, umearen barruko kamiseta zuria topatu zuenean, Angel Cruzekin zegoela. Kamiseta zuri horrek umearen DNA zuen. Antza, mendian topatu zuen, araztaile baten ondoan, desagertu eta lau egunera. Boluntarioek, Guardia Zibilak eta suhilzaileek miatu zuten gunea, baina ez zuten ezer gehiago aurkitu.
BIDEOA: Gabrielen aitaren bikotekidea atxilotu dute, umearen gorpua autoan zeramala:
Gabriel Cruz azkenekoz otsailaren 27an ikusi zuten, aitaren aldeko amonaren etxetik atera ostean. Lehengusuen etxera joateko 100 metroko ibilbidea egin behar zuen, Las Hortichuelasen, baina ez zen iritsi.
Gabrielen hilotza Almeriako Auzitegi Medikuntzako Institutura heldu da igande arratsaldean, bertan autopsia egin diezaioten.
12.000 bat pertsonek isilunea egin dute Almerian
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren datuen arabera, 12.000 bat pertsona izan dira Almeriako Udalak deitutako elkarretaratzean, Gabriel Cruzen heriotza dela eta.
19:00etan, Purchenako Atean, duela bi egun 8.000 pertsonak adingabea agertzeko eskatzen zuten lekuan, milaka lagun izan dira. Pankartetan mezu hauek irakur zitezkeen: "Indar asko, Patricia", "Arraitxo, hegalak irten zaizkizu" eta "Beti gogoan izango zaitugu".
Megafoniatik bost minutuko "errespetuzko isilunea" eskatu dute, eta "kontsignen unea" ez dela azpimarratu dute. "Isiltasuna Almeriako hiriaren negarra da", esan dute.
Hiru dolu-egun
Nijar udalerriko ezohiko bilkurak hiru dolu-egun ezarri ditu Gabriel haurraren heriotzagatik. Bestalde, Almeriako Abokatuen Elkargoak doako laguntza juridikoa eskaini dio Gabrielen familiari, "dagokion unean" akusazio partikularra abiatzeko.
Doluminak sare sozialetan
Bestalde, haurraren familiari doluminak agertzeko dozenaka mezu zabaldu dituzte sare sozialetan ordezkari politikoek eta erakunde sozialek. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Twitter bidez adierazi du "espainiar guztien mina partekatzen" duela, #TodosSomosGabriel traola erabilita.
Susana Diaz Andaluziako presidenteak bere "babesa" helarazi die adingabearen gurasoei. "Ikaratuta Gabriel txikiaren gorpuaren aurkikuntzagatik. Ez dago horrelako mina adieraz dezakeen hitzik", idatzi du Twitterren.
Juan Ignacio Zoido Barne ministroak, aldiz, errespetua eskatu du Guardia Zibilak abian duen ikerketarentzat.
Ada Colau Bartzelonako alkateak Twiterren zabaldu duenez, "Gabriel umetxoaren bilaketa jarraitu dugu oso keztatuta, eta amaierarik txarrena izan du. Bartzelonatik maitasun osoa senideentzako eta Las Hortichuelas herriarentzako, dena egin baitzuten hura aurkitzeko".
Pablo Iglesias, Albert Rivera eta Pedro Sanchez, Podemoseko, Ciudadanoseko eta PSOEko buruek, hurrenez hurren, euren doluminak ere agertu dizkiete Gabrielen senideei.
Bestalde, Save The Children erakundeak azpimarratu du indarkeria mota guztietako biktima diren haurrak babesteko legea "premiazkoa" dela.