Gizartea -
GREBA FEMINISTA
Hauek dira M8rako deituta dauden mobilizazio nagusiak
Mugimendu Feministak grebarekin bat egin eta manifestazioetan parte hartzeko deia egin die emakumeei, arropa beltza eta besoko moreak jantzita. Honako hauek dira hitzordu nagusiak:
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko Mugimendu Feministak 2018ko martxoaren 8ko greba feminista bultzatu du Emakumearen Nazioarteko Egunean. Hala, 70 herrialdek babestutako mundu ekimenarekin bat egingo du. Besteak beste, emakumeek gizarte-eragile gisa duten garrantzia ezagutarazi nahi du egitasmoak, indarkeria matxista salatu eta lanaren (ordaindutakoa zein ordaindu gabea) balioa aldarrikatzeaz gain.
INFORMAZIO EGUNERATUA, MARTXOAK 8AN: Emakumeek eta aldarrikapen feministek hartu dituzte Euskal Herriko kaleak
Lau arlotan deitutako greba da: lanean, hezkuntzan, zaintzan eta kontsumoan. "Emakumeak geldituko bagina, mundua gelditu egingo litzatekeela" erakustea da helburua.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, Steilas eta ESK) babestuta, lau orduko lanuzteak deitu ditu: goizean, 11:00etatik 15:00etara; arratsaldean, 18:00etatik 22:00etara. UGT eta CCOO sindikatuek, berriz, bi orduko lanuzteak deitu dituzte: 11:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara. CGT eta CNT sindikatuek, ostera, egun osoko greba deialdia egin dute.
Halaber, ikastetxeetan eta familiaren zaintzan ere geratzeko proposamena egin du. Bestalde, ez erosi edo kontsumitzeko deia ere proposatu du, batez ere "tasa arrosa" deritzona duten produktuak (konpresak eta tanpoiak, emakumeentzako depilatzeko xaflak, emakumeei zuzenduta iragartzen diren kremak, etab.). Merkataritza gune handietan edo marka handiak ez erostea ere eskatu du.
Horrez gain, egun horretan emakume guztiak arropa beltzez eta besoko moreak jantzita joan daitezen aldarrikatu du Mugimendu Feministak. Bide batez, etxeko balkoian amantal bat jartzeko ideia zabaldu du, etxeko lanak ere agerian uzteko.
Mobilizazio ugari antolatu dira martxoaren 8rako Euskal Herrian: 12:00etan eserialdiak eta 20:00etan manifestazioak hiri nagusietan. Honako hauek dira ekitaldi esanguratsuenak:
BILBO
11:00: Kalejira feminista Unamuno Plazatik
12:00: Eserialdi isila Plaza Eliptikotik
14:00: Bazkaria pelota kalean, norberak etxetik dakarrenarekin
16:00: Ekintzak Tawir Fundazioaren, Histeriak Kolektiboaren eta Biotxerreren eskutik, La Bolsan
18:00: Kalejira feminista Plaza Eliptikotik (zarata egiteko tresnaren bat ekarri)
20:00: Manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik
DONOSTIA
11:00: Bizikletaldi desobedientea Arcotik Zurriolara
12:00: Eserialdia Boulevarden
13:30: Kalejira feminista
14:30: Gipuzkoa plazan bazkaria, norberak etxetik ekarritakoarekin
20:00: Manifestazioa Boulevarden
24:00: Festaren amaiera Guardetxen
GASTEIZ
07:00: Auzoak dekoratu
09:45: Propaganda banaketa Desamparadasen
11:00: Propaganda banaketa Bilbo Plazan eta Foru Aldundian
12:00: Eserialdia Loma Jeneralaren plazan, eskulturaren alboan
15:00: Tuper bazkaria, gaztetxean
17:00: Kafea Hala Bedi tabernan
18:30: Propaganda banaketa Fariñasen
20:00: Manifestazioa San Anton plazatik
IRUÑA
12:00: Ekitaldi politikoa Sarasate pasealekutik
14:00: Norberak kudeatutako bazkaria
20:00: Manifestazioa Gaztelu plazatik
BAIONA
12:00: Eserialdia eta ondoren bazkaria Herriko Etxeko Plazan
18:00: Kontzentrazioa Udaletxean