Gizartea -
CABACAS AUZIA
Zabaldutako informazioa 'egiazkoa eta kontrastatua' izan dela esan dute akusatuek
Cabacasek pilotakada jaso zuen egunean operatiboaren ardura zuen ertzainak esan du 'jazarpena' eta 'epaiketa paraleloa' egin diotela 'Gara' eta 'Naiz' komunikabideek eta Goirizelaia abokatuak.
EITB.EUS
Iñigo Cabacasen auziko grabaketa batzuk argitaratzea egotzita, gaur hasi da Bilboko Auzitegian Jone Goirizelaia abokatuaren, Iñaki Soto Gara eta Naiz hedabideetako zuzendariaren eta Iñaki Iriondo kazetariaren kontrako epaiketa. 'Ugarteko' ezizenez ezagutzen den Ertzaintzako agenteak jarri zuen salaketa, Cabacasek buruan pilotakada jaso zuen egunean polizia operatiboaren buru zenak.
'Ugartekok' salaketan esan zuen bi hedabideok argitara emandako informazioen eta abokatuak bere agerraldietan esandakoen ondorioz "osasun arazo larriak" dituela. Bere identitatea eta karga polizialaren gauean berak emandako aginduen grabazioa publiko egitea salatu zituen, horrekin bere "intimitate eskubidea eta ohorea urratu" delakoan. 250.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du.
Gaur eserleku berean eseri dira salaketa jarri duen ertzaina eta akusatuak. Cabacasek pilotakada jaso zuen egunean operatiboaren ardura zuen agenteak aldeei erantzunez esan du "jazarpena" eta "epaiketa paraleloa" egin diotela Gara eta Naiz komunikabideek eta Goirizelaia abokatuak. Horren ondorioz "depresioa" izan duela zehaztu du. Aginduen grabazioa publiko egin ondoren postu administratibo batera aldatu zutela ere esan du epaiketan, eta bere garapen profesionalari kalte egin diola argitalpenak.
Hiru akusatuei aurpegiratu die zuzenean lotu dutela gomazko pilotaka jaurtitzearekin, eta ondorioz, Cabacasen heriotzarekin, nahiz eta instrukzioko epaileek ez duten inputatu.
Bere aldetik, Goirizelaiak esan du prozesuan sortu diren "ebidentziei jarraituta" egin dituela adierazpen eta inputazio eskaera guztiak. Soto eta Iriondo kazetariek ere "kasuaren jarraipena garrantziaren neurrikoa" izan zela defendatu dute epailearen aurrean. Zabaldutako informazioa "egiazkoa, zorrotza eta kontrastatua" izan dela nabarmendu dute, eta "iritzia ongi oinarritua" egon dela beti. Guztiz baztertu dute bestelako motibaziorik.
Fiskalak salaketaren zati bat kontuan hartzea eskatu dio epaileari, eta Gara eta Naiz komunikabideek argitara emandako zenbait informazio erretiratzea eskatu du, errugabetasun presuntzioa urratu zutelakoan. 13.000 euroko kalte-ordaina eskatu du Fiskaltzak.
'Ugarteko' artatu zuten psikologoak eta psikiatrak ere hitz egin dute. Horien hitzetan, estresak sortutako nahasmendua izan zuen ertzainak, baina "arina".
Protestak
Iñigo Cabacasen familiak "enegarren injustizia" eta "umiliazioa" salatu ditu Bilboko Auzitegian hasi den epaiketaren aurrean. Sendiak ohar bidez salatutakoaren arabera, Cabacas auzia argitzeko egingo den lehen epaiketan ez da gaztearen heriotza bera epaituko, egiaren eta justiziaren bila familiaren bidelagunak izan direnak baizik.
'Cabacas Gogoan' plataformak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute epaiketa hasi aurretik Auzitegiaren atarian.
Argazkia: EFE
Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak salatu egin dute Cabacas auziaren baitan Gara eta Naiz hedabideen aurka abiatutako prozesu judiziala, eta horrek "kazetariak kriminalizatzea" eta "adierazpen askatasunaren oinarriak urratzea" dakarrela ohartarazi dute.