Gizartea -

CABACAS AUZIA

Goirizelaia, 'Gara' eta 'Naiz' epaitzea 'umiliazioa' da, Cabacas familiaren ustez

Gaur hasi da Jone Goirizelaiaren, Iñaki Soto 'Gara' eta 'Naiz'eko zuzendariaren eta Iñaki Iriondo kazetariaren aurkako epaiketa. 'Ugarteko'k bere identitatea publiko egiteagatik salatu zituen.

Iñigo Cabacasen gurasoak. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Cabacasen gurasoak. Artxiboko argazkia: EFE
'Ugarteko'k auzitara eraman dituenei babesa adierazteko bilkura egin dute

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Cabacasen familiak "enegarren injustizia" eta "umiliazioa" salatu ditu Bilboko Auzitegian hasi den epaiketaren aurrean. Izan ere, gaur abiatu da 'Ugarteko' ezizenez ezagutzen den ertzainak Jone Goirizelaia Cabacas familiaren abokatuaren kontra, Gara eta Naiz komunikabideen kontra, eta horietako zuzendari Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo kazetariaren kontra jarritako salaketaren inguruko epaiketa. Bere identitatea jakitera emateagatik eta polizia-kargak izan zirenean berak eman zituen aginduen grabazioa publiko egiteagatik salatu ditu 'Ugarteko'k, 2012ko apirilaren 5ean Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen operatiboko buruak.

Cabacas auzia argitzeko egingo den lehen epaiketa izango da gaur hasi dena. Cabacasek pilotakada bat jaso zuen buruan, eta lau egun geroago hil zen ospitalean. Sei ertzain epaituko dituzte kasu horregatik, baina oraindik ez diote datarik jarri epaiketa horri.

Bilboko Auzitegiak 'Ugarteko'k jarritako salaketa aztertuko du, aipaturiko komunikabideek eta Cabacas familiaren abokatuak bere identitatea jakitera ematea eta karga polizialak izan ziren gauean berak emandako aginduen grabazioa publiko egitea salatu baitzuen.

'Ugarteko'ren esanetan, bere "intimitate eskubidea eta ohorea urratu" dira horrela. Hori dela eta, 250.000 euro eskatzen ditu. Izan ere, horren esanetan, informazio hori zabaldu izanak "kalte" egin zion "bai bere osasunari baita bere ibilbide profesionalaren garapenari ere".

Gara egunkariak eta Naiz agerkari digitalak gaur argitaratu dutenez, 'Ugarteko' operazio buruak ondorio psikologiko eta fisikoak argudiatu arren, ez du urteotan lanean bajarik hartu, eta gaur egun duen soldata 2012an baino % 10 altuagoa da.

Iñigo Cabacasen sendiak ohar bidez salatutakoaren arabera, Cabacas auzia argitzeko egingo den lehen epaiketan ez da gaztearen heriotza bera epaituko, egiaren eta justiziaren bila familiaren bidelagunak izan direnak baizik.

Laster sei urte beteko dira Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas hil zuela, "sei urte gogor eta zail, trabaz eta oztopoz beteak". Sendiak salatu duenez, "azpikeria" da haren heriotza eragin zuen polizia-operazioaren buruak "kalteordainak" eskatzea.

Bestalde, Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak ere salatu dute epaiketa hau, komunikabideen eta informazioaren profesionalen lana judizializatu eta kriminalizatu besterik ez duela egiten iritzita.

Epaiketa "adierazpen askatasunaren kontrako erasoa" dela azpimarratu dute, babesa agertu die bi kazetariei, eta horien kontrako auzibidea gelditzeko eskatu dute.

'Iñigo Gogoan' plataformak elkarretaratzea egin du epaitegiaren atarian.

 

'Ugarteko'k auzitara eraman dituenei babesa adierazteko bilkura egin dute
'Ugarteko'k auzitara eraman dituenei babesa adierazteko bilkura egin dute
'Ugarteko'k auzitara eraman dituenei babesa adierazteko bilkura egin dute

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas auzia Bilbo berriak Basauriko bideoak Epaiketak argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak