Gizartea -

CABACAS AUZIA

'Ugarteko'ren nortasuna eta aginduak zabaltzeagatik epaiketa hasiko da asteazkenean

Ertzaintzako buruak Gara, Naiz eta Jone Goirizelaia, Cabacas familiaren abokatua, salatu zituen bere identitatea eta 2012ko gau hartan eman zituen aginduak publiko egiteagatik.

Iñigo Cabacasen familia eta lagunak, protestan. Argazkia: EFE
Iñigo Cabacasen familia eta lagunak, protestan. Argazkia: EFE
Iñigo Cabacasen familia eta lagunak, protestan. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren asteazkenean hasiko da Bilboko Auzitegian 'Ugarteko' ezizenez ezagutzen den ertzainak Jone Goirizelaia Cabacas familiaren abokatuaren kontra, Gara, eta Naiz komunikabideen kontra, eta horietako zuzendari Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo kazetariaren kontra jarritako salaketaren inguruko epaiketa.

2012ko apirilaren 5ean Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen operatiboko burua zen 'Ugarteko'. Cabacasek pelotakada bat jaso zuen buruan eta lau egun geroago hil zen ospitalean. Sei ertzaina epaituko dituzte kasu honegatik baina oraindik ez dago data zehatzik.

Aldiz, asteazkenean hasiko da 'Ugartekok' jarritako salaketaren epaiketa. Komunikabide horiek eta Cabacasen abokatuak bere identitatea eta karga polizialaren gauean berak emandako aginduen grabazioa publiko egitea salatzen ditu, horrekin bere "intimitate eskubidea eta ohorea urratu" delakoan. Horregatik, 250.000 euro eskatzen ditu.

Ertzainak dio informazio hori zabaldu izanak "kalte" egin ziola "bai bere osasunari baita bere ibilbide profesionalaren garapenari" ere.

Jone Goirizelaia Euskadi Irratian

Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, Jone Goirizelaia abokatuak esan du "Justizia oso astiro" doala "batzuetan", eta "oso azkar beste batzuetan". "Iñigoren familiak hori sentitu du. Esaten ari garenean biktima guztiek justizia, erreparazioa eta memoria eskubideak dituztela, epaiketa honetan guzti horren kontra joango dira. Eta hori guztiz harrigarria da" gaineratu du.

Asteazkeneko epaiketagatik "lasai" daudela esan du, eta Cabacas auziaren epaiketa uda aurretik izatea espero duela ere gaineratu du.

Iñigo Cabacasen heriotza

Iñigo Cabacas Athleticen jarraitzailea ospitalean hil zen 2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzaren pilota batek buruan jo eta lau egunera. Hain zuzen ere, Garak argitara eman zuen informazioaren arabera, agenteek 'Ugarteko' ezizena zuen arduradun baten agindua jaso zuten Cabacas zauritu zen kalean "zuten guztiarekin kargatzeko".

Aparteko ondoriorik izan ez zuen borroka batengatik joan ziren agenteak bertara, eta egoera "kontropean" zegoela esan zioten arren, kargatzeko agindua jaso zuten agenteek audio horretan entzuten denez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bilbon? Basauriko albisteak Epaiketak albisteak Albisteak Gaur