Gizartea -
Iruña-Veleia auzia
Eliseo Gil Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendari ohia epaitu egingo dute
Etekin ekonomikoak eta prestigio profesionala lortzeko asmoz, grafito historikoak faltsutu izana leporatzen dio Arabako Auzitegiak.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Auzitegiak ebatzi du Eliseo Gil Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendari ohia, haren bazkide bat eta langile bat epaitzeko zantzu nahikoa dagoela, iruzurra eta kalteak egitea egotzita.
Gaur argitaratutako ebazpenarekin, joan den urteko maiatzean Gasteizko epaitegiak esandakoa berretsi du Arabako Auzitegiak.
Iruzur delituari dagokionenean, baina, Eliseo Gil arkeologoaren defentsak aurkeztutako helegitearen zati bat onartu egin du Auzitegiak. Instrukzioko epaileak bi ekinbidetan antzeman zuen iruzurra egin zela, baina Arabako Auzitegiak horietako batean soilik topatu ditu zantzuak.
Horrela bada, Iruña-Veleia aztarnategian aurkitutako grafito historikoak faltsutu izana leporatzen diote Gili.
Aurkikuntza 2005 eta 2006 urteetan egin zuten. Garai hartan Lurmen enpresak ustiatzen zuen aztarnategia, Eliseo Gil arkeologoaren taldeak, hain zuzen ere. III, IV eta V. mendeko zeramika-lanetan idatziak topatu zituzten eta aurkikuntza historikotzat jo zen, besteak beste, euskara eta kristautasuna III. mendean sortu zirela esan nahi zuelako horrek.
Alabaina, grafitoak faltsuak ziren. Hala diote adituek egindako bi txosten ezberdinek. Epailearen arabera, akusatuek eurek egin zituzten, "etekin ekonomikoa nahiz prestigio eta errekonozimendu profesionala lortzeko asmoz".
Horrez gain, gezurretako grafito horietako birengatik Arabako Foru Aldundiak 12.500 euro baino gehiago ordaintzea lortu zuten.
Gaur kaleratutako ebazpena irmoa da eta, beraz, ez dago helegitea aurkezteko aukerarik.