Gizartea -

Istripua

Bost ibilgailuk talka egin dute Noainen eta lau pertsona zauritu dira

Zaurituetako bat ospitalera eraman dute, larri.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost ibilgailuren arteko istripua izan da asteazken arratsaldean Noainen. Lau lagun zauritu dira, eta horietako bat larri eraman dute Nafarroako Ospitalera.

Ezbeharra PA-31 errepidearen eta aireportuko errepidearen arteko lotunean jazo da. Foruzaingoak Talluntxe industrialdetik bideratu behar izan du zirkulazioa.

Besteak beste, emakume bat eta haren bi alabak zauritu dira. Azken biek hainbat kolpe hartu dituzte, eta ama erietxera eraman dute, larri; aurpegiko traumatismoa dauka, aldaka bat hautsi du eta orientazioa galduta topatu dute.

Laugarren zauritua beste ibilgailu batean zihoan gizonezko bat da, Foru Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez.

Cordovillako suhiltzaileak, hiru anbulantzia, Foruzaingoa eta Noaingo udaltzainak joan dira istripua izan den tokira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Nafarroa gaur Gizartea Gaurko azken ordukoa Noain albisteak