Gizartea -
Ikerketa, abian
Sekta bat Gipuzkoako adingabe bat erakartzen saiatu da, Ertzaintzaren arabera
Polizia Zientifikoko buruak baieztatu duenez, hilabeteak daramatzate 16 urteko neskato baten kasua ikertzen.
Agentziak
Jose Maria Yurrebaso Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko buruak baieztatu duenez, sekta bat Gipuzkoako adingabe bat erakartzen saiatu da, eta polizia autonomikoa auzia ikertzen dabilela gaineratu du.
Arabako Teknologia Parkeko Zibersegurtasun Zentroa aurkezteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok Yurrebasok, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua ondoan zituela.
El Español egunkari digitalak gaur zabaldu duenez, bere buruari Gurdijieff printzea deitzen dion Steven Manriquek gidatzen duen sekta hainbat adingabe erakartzen saiatu da Espainiako Estatuan; horietako bat, Gipuzkoan.
Kazetariek galdetuta, Yurrebasok baieztatu egin du albistea, eta auzia ikertzen ari direla gaineratu du. Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko buruak nabarmendu duenez, 2017an kasu bakarra atzeman dute.
Yurrebasoren hitzetan, halakoetan biktimaren adinari erreparatzen diote lehenik eta behin. Adingabea bada, ikerketa abiatzen du Ertzaintzak, eta sekta legezkoa den eta bere jarduera delitu izan daitekeen argitzen saiatzen da ondoren.