Gizartea -

Iruñea

Taldekako bortxaketaren defentsak detektibeen txostena kendu du froga moduan

Akusatuek gertakariak grabatzeari buruz, biktimari aitorpena hartu zion udaltzainak esan du gaztea jakinaren gainean zegoela, bazekiela egiten ari zirela; gaur akusatuen lekukoek deklaratu dute.

Ehunka lagun bildu ziren atzo biktimari elkartasuna adierazteko. Argazkia: EFE
Elkarretaratze jendetsua atzo, Justizia Jauregiaren, biktimaren alde
Detektibeen txostena atzera bota da epaiketako azken saioan

0:59

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko sanferminetan 18 urteko emakume bat bortxatzea leporatuta dauden bost lagunetako baten abokatuak (lanbidez militarra den gizonaren abokatuak, hain zuzen) zenbait detektibe pribatuk egindako txostena kendu du froga moduan. Auzian epaia eman behar duen Nafarroako Auzitegiaren Bigarren Sailak froga dokumental bezala onartu zuen txosten hori; bertan, salaketa aurkeztu duen emakumeak sare sozialetan izandako jarduera aztertzen da.

Hala baieztatu du Carlos Bacaicoa akusazio partikularreko abokatuak, kazetariei egindako adierazpenetan, epaiketaren bederatzigarren saioa amaituta. Ateak itxita ari dira egiten epaiketa, Nafarroako Justizia Jauregian; ostegun honetako saioan, akusatuek proposatutako lekukoek deklaratu dute, besteak beste ikerketa egin zuten detektibe pribatuek.

Auzian, aldiz, gaztearen Instagrameko argazkia bai izango dute kontuan; Agustin Martinez Becerra beste hiru akusaturen abokatuak aurkeztu du froga moduan argazki hori.

Ondorioz, detektibe pribatuek (bideokonferentziaz deklaratu dute gaur) aipatutako argazkiaz bakarrik hitz egin dute, baina ez txostenaren gainean.

Biktimari aitorpena hrtu zion udaltzainak dio bazekiela grabatzen ari zirela

Gainera, biktimari aitorpena hartu zion udaltzainak (Madrilgo emakume gazte bat da biktima) adierazi du ostegun honetan emakumeak bazekiela akusatuak gertakariak ari zirela grabatzen.

Hori ez zen auziaren sumarioan agertzen, eta bi abokatuk baieztatu diete kazetariei: neskarenak eta Jesus Perez auzipetutakoetako batenak (guardia zibilaren abokatuak, hain zuzen).

Azken horrek kazetariei esan dienez, udaltzainak baieztatu du "emakumea jakinaren gainean" zegoela, eta bazekiela grabatzen ari zitzaizkiola, "eta ez zuen salaketan islatu". Abokatuaren iritziz, agian grabazio hori bazegoela zekielako aurkeztu zuen salaketa.

Udaltzainak aitorpena hartu zion biktimari, bortxaketaren ostean. Salaketan, neskak azaldu zuen zein ibilbide egin zuen inputatuekin gau hartan, eta zeintzuk ziren haien itxura fisikoa eta arropa; ordu batzuen buruan identifikatu eta atxilotu zituzten.

Kartzela-zigorren eskaera

Ministerio Fiskalak, akusazio partikularrak eta akusazio popularrek kartzela-zigorren eskaerei eutsi diete; datorren astean aldeek ondorioak aurkeztuko dituzte, hori da pendiente dagoen bakarra.

Akusatuetako baten defentsak epaiketa baliorik gabe uztea eskatu du, haren iritziz oinarrizko eskubideak urratu dituztelako. Beste defentsek akusatuen absoluzioa eskatzen dute.

Ministerio Fiskalak, astelehenean ondorioen txostena aurkeztuta, 22 urte eta 10 hilabeteko kartzela-zigorra eskatuko du; akusazio partikularrak 24 urte eta 9 hilabete eskatuko ditu, eta Iruñeko Udalak eta Nafarroako Foru Erkidegoak, alegia, akusazio partikularrek, 25 urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatuko dute.

Lekukoek deklaratu dute

Sanferminetan 18 urteko emakume bat bortxatzea leporatuta bost gizonezkoren aurka Nafarroako Auzitegian egiten ari diren epaiketan akusatuek proposatutako lekukoek deklaratu dute, besteak beste, biktima erasoaren ostean ikertu zuten detektibeek.

Atzo, asteazkena, bost akusatuek berretsi egin zuten sexu-harremanak izateko onespena zutela, baina ez zuten argitu nola jaso zuten onespena, eta horietako batek onartu zuten gazteak ez zuela hitzez baiezkorik eman. Akusazio partikularrak, horren ostean, "gezurti hutsak" direla esan zuen, akusatuek grabatutako bideoek haien bertsioaren sinesgarritasuna "zalantzan jarri dutelako erabat".

Gaur, 10:00etan hasita, akusatuekin zegoen bitartean biktimarekin hitz zuen mutil batek hitz egin du. Biktimak telefonoz deitu zion mutilari, salatutako erasoa gertatu aurretik.

Era berean, biktimaren salaketa hartu zuen udaltzain batek eta, gertaeren ostean, gaztea ikertu zuten detektibeek, besteak beste, deklaratu dute gaurkoan.

Akusatuetako bat, atzo, Justizia Auzitegira heltzen. Argazkia: EFE

Akusatuetako bat, atzo, Justizia Auzitegira heltzen. Argazkia: EFE

Defentsak uko egin dio hasieran proposatu zituen lekukoen deklarazioak epaiketara eramateari. Horietako batzuk akusatuen Sevillako lau lagun eta biktima artatu zuen ginekologo bat dira.

Bi astez epaiketa ateak itxita egin eta gero, biktimaren intimitatea errespetatzeko eta auzipetuak gizartearen begiradapean egon ez zitezen, hurrengo astelehen eta asteartean herritarrak eta kazetariak sartu ahal izango dira, baina papera eta boligrafoa baino ezingo dute eraman.

Azken bi saioetan aurkeztuko dituzte ondorioak; 27an, akusazioak, eta, 28an, defentsak.

Egun horretatik aurrera, ez dago zehaztuta zenbat denbora igaro beharko den epaia prest egoteko, baina behin behineko espetxealdian dauden presoen auziek lehentasuna izango beharko lukete.

Madrilgo emakumeak bortxaketa salatu eta ordu gutxira atxilotu zituzten akusatuak, eta orain 22 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak haientzat, eta 25 urte eta 9 hilabete akusazio partikularrak.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Indarkeria matxista Espainian Nafarroa gaur Delituak Epaiketak bideoak Albisteak