Gizartea -
IRUÑEKO TALDEKAKO BORTXAKETA
Akusazioak dio taldekako bortxaketaren bideoek ez dutela biktimaren onespena islatzen
Epaiketaren seigarren egunean, akusatuek grabatu zituzten bideoen audioak aztertu dituzte. Halaber, bi medikuk eta bi forentsek deklaratu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016ko sanferminetako taldekako bortxaketaren epaiketaren seigarren egunean, akusatuek grabatutako bideoak aztertu dituzte. Bideo horien audioa entzun eta Nafarroako Justizia Jauregitik irten ostean biktimaren abokatuak adierazi duenez, bideo horretan ez da emakumearen onarpena inondik inora islatzen. Halaber, bortxaketa jasan zuen 18 urteko emakumea artatu zuten bi medikuk eta bi forentsek deklaratu dute.
Carlos Bacaicoa biktimaren abokatuak Nafarroako Justizia Jauregiaren atarian bildutako kazetariei azaldu dienez, audio horiekin lotuta egindako proba izan da gaurko "esanguratsuena". Dena den, ez du edukiari buruzko xehetasunik eman. Hala eta guztiz ere, emakumearen onespenik gabe gertatu zela azpimarratu du. Gaineratu duenez, "ez da emakumea baietz edota ezetz esaten entzuten, ezta alderantziz ere".
Halaber, abokatuaren esanetan, lehen aldiz deklaratu zutenean bezain irmoak izan dira perituak.
Forentseek eman duten deklarazioaren inguruan galdetuta Carlos Bacaicoa abokatuak erantzun duenez, "oso irekia izan da, denetik uler daiteke, ikuspuntuaren arabera".
Bestalde, ondorioak aurkezteko saioa egun bakar batean egin beharko litzatekeela uste du eta ez bi egunetan, epaileak erabaki bezala. Haren hitzetan, defentsa abokatuek akusazioek baino denbora gehiago izango dute txostenak prestatzeko.
Bihar, asteartea, adituen frogak aztertzen jarraituko du epaimahaiak. Ondoren, asteazkenean, bost akusatuak galdekatuko dituzte. Ostegunean, defentsak proposatutako lekukoen txanda izango da. Azkenik, ostiralean eta datorren astelehenean (publikoak izango diren saio bakarrak), amaierako txostenak aurkezteaz gain, azken alegatua egiteko eskubidea eskainiko dute.
__________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.