Gizartea -
Sanferminetako bortxaketa
Biktimak sare sozialetan argitaratutako argazki bat frogatzat onartu du epaileak
Akusatuen abokatu batek aginduta, detektibe pribatu batek biktimaren bizitzari buruz egindako txostena epaiketan frogatzat erabiltzea onartu ez dutela argitu du epai-mahaiak.
Agentziak | Erredakzioa
Iazko sanferminetan izandako bortxaketa epaitzen ari den Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak onartu egin du 18 urteko biktimak sare sozialetan argitaratu duen argazki bat froga gisa erabiltzea epaiketan.
Alabaina, epai-mahaiak argitu nahi izan du epaiketan ez dutela erabiliko detektibe batek biktimaren bizitza pribatuari buruz bildutako informazioa.
Auzipetutako bost gazteen abokatuetako batek ikertzaile pribatu bati biktima zelatatzea agindu ziola jakin zen atzo, eta horrek hautsak harrotu ditu.
Polemika horren harira, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zehaztu du detektibe pribatu bat kontratu zuen abokatuak berak eskatu zuela, instrukzioaren azken fasean, txosten hori aintzat ez hartzeko. Beraz, prozesu judizialetik kanpo utzi zuten.
Epaiketa prestatzeko saioan, baina, detektibe pribatuek biktimaren sare sozialei buruz bildutako informazioa froga moduan erabiltzea eskatu zuen beste abokatu batek eta epaileak onartu egin du bortxatutako neska gazteak duela gutxi sare sozialetan argitaratutako argazkia.