Gizartea -
Sanferminetako bortxaketa
Bortxaketaren biktima ez dute behartu erasoaren bideoak ikustera
Emakumeak berretsi egin du bost akusatuek bortxatu egin zutela. Ez du topo egin haiekin, beste gela batean jarraitu baitute haren deklarazioa, bideokonferentziaz.
agentziak | erredakzioa
Iazko sanferminetan bortxatu zuten 18 urteko Madrilgo emakumeak deklaratu du astearte honetan Iruñeko epaitegian egiten ari diren epaiketan. Biktimak ia lau orduz deklaratu du, eta ez dute behartu akusatuek grabatu zituzten bideoak ikustera.
Gainera, emakumeak ez du topo egin bost ustezko erasotzaileekin, beste gela batetik jarraitu baitute haren deklarazioa, bideokonferentziaz.
Madriletik Iruñera joan behar izan du biktimak. Izan ere, epaitegiak errefusatu egin zuen deklarazioa bideokonferentziaz egitea.
Emakumea 09:30 pasatxo heldu da Nafarroako Justizia Jauregira, eta garajetik sartu dute, inork ikusi ez dezan. Biktima babesteko hartutako neurrietako bat da.
Deklarazioaren hasiera atzeratu egin da zenbait minutu, epaimahaiak saioa gelditu behar izan baitu biktimari akusatuen bideoak erakutsi edo ez erabakitzeko. Fiskaltza horren aurka agertu da.
Hain zuzen ere, bost akusatuek erasoan grabatutako zenbait bideo dira. Haien aurkako froga nagusia da.
Azkenean, epaimahaiak bideoak erakusteko baimena eman du, baina aldeek ez dute eskatu hori egiterik, eta, ondorioz, biktimak ez du erasoa ikusi behar izan.
Emakumeak alde guztien galderak erantzun behar izan ditu; izan ere, biktima eta lekuko gisa deklaratu du. Deklarazioan, berretsi egin du akusatuek bortxatu egin zutela.
Datozen egunotan, ehunka pertsonak deklaratuko dute; besteak beste, poliziak, lekukoak, psikologo adituak eta auzitegi medikuak izango dira epailearen aurrean.
Biktima zelatatzea agindu zuen akusatuen abokatuak
Bestalde, hiru auzipeturen abokatuak bortxaketaren biktima zelatatzeko agindua eman zion detektibe pribatu bati eta epaileak informazio hori epaiketan erabiltzea onartu du, ETBk jakin ahal izan duenez.
Komunikabide batzuen arabera, jarraipenak egin zizkioten eta haren sare sozialak zelatatu dituzte. Familiarekin eta lagun batzuekin oporretan zela ere espiatu egin zuten.
Epaiketa ustezko bost bortxatzaileen aurkakoa bada ere, epaileak onartu egin du defentsako abokatuak espioitzaren bidez biktimari buruz lortu duen informazioa erabiltzea.
Areago, bortxaketa horren aurretik bost auzipetuek Andaluzian egindako beste sexu-eraso bat epaiketa honetan aurrekari froga gisa erabiltzea baztertu du epaileak.
Kartzela-zigor eskaerak
Aurreikusi dutenez, epaiketa azaroaren 24an bukatuko da eta ateak itxita egingo dute uneoro, neskaren intimitatea babesteko. Biktimak 24 urte eta 9 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du akusatuentzat; akusazio partikularrek, aldiz, 25na urte.
Hain zuzen, akusazio horiei (Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala) buruz ere aritu ziren atzo, aurreko tramiteetan.
Epaiketaren ahozko saioko lehen egunean, bost akusatuek hitza hartu dute errugabetzat jo dute euren burua sexu-erasoari dagokionez. Aldiz, horietako batek onartu egin du emakumeari telefonoa lapurtu ziola.
Bihar Iruñeko Udaltzaingoko lau agente eta Foruzaingoko bi agente izango dira epaiketan, eta hilaren 16an, berriz, beste hiru zortzi agenteren eta hiru lekukoren txanda izango da. Azaroaren 17rako aurreikusita daude lau foruzainen, lau lekukoren eta Iruñeko Udaltzaingoko agente baten deklarazioa. Hurrengo astean, adituen frogak aurkeztuko dituzte (hilak 20 eta 21), eta azaroaren 22an, berriz, galdeketa egingo diete bost akusatuei. Hilaren 23an defentsek deitutako lekukoek deklaratuko dute, eta azaroaren 24an bukatuko da epaiketa.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.