Gizartea -

NAFARROA

Sanferminetako taldekako bortxaketaren akusatuek errugabetzat jo dute beren burua

Fiskaltzak 22 urteko espetxe-zigorra eskatzen du; defentsek, aldiz, absoluzioa. Akusatuetako batek emakumeari sakelako telefonoa lapurtu ziola aitortu du. Epaiketa azaroaren 24ra bitartean egingo da.

Azaroaren 13tik 24era bitartean egingo da epaiketa, ateak itxita. Argazkia: EFE
Sanferminetako bortxaketaren epaiketa ateak itxita egiten ari dira

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko sanferminetan 18 urteko emakume madrildar bat taldean bortxatzeagatik akusatutako bost gizonek errugabetzat jo dute beren burua. 2016ko sanferminetako taldekako bortxaketaren epaiketa gaur goizean abiatu da, ateak itxita, Iruñeko Justizia Jauregian eta azaroaren 24an amaituko da. Akusatuei sexu-erasoa, intimitatearen aurkako delitua eta larderiaz egindako lapurreta leporatzen diete.

Gaurko saioan, aurreko auziak tramitatu dituzte eta auzipetuei atariko galdeketa egin diete. Galdeketa horretan, beren burua errugabetzat jo dute. Akusatuetako batek, ordea, emakumeari sakelako telefonoa lapurtu ziola aitortu du.

Hala baieztatu du bost akusatuetako hiru ordezkatzen dituen Agustin Martinez Becerra abokatuak gaurko saioaren amaieran. Ahozko epaiketako lehen saioa 10:15ean hasi eta 14:25ean amaitu da.

Auzipetuei egindako atariko galdeketa horrez gain, aurreko auziak ere tramitatu dituzte. Horren baitan, Fiskaltzak eta defentsak egindako eskaerak atzera bota dituzte. Deklaratzen lehenak akusatuak izatea eskatu du Fiskaltzak eta defentsak, ostera, Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua herri akusazio gisa ez aritzea. Dena dela, epaileak atzera bota ditu eskaera horiek guztiak.

Espainiako Fiskaltzak 22na urte eta 10 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du bost gizonetako bakoitzarentzat (espetxean daude bostak). Fiskalaren akusazio idatziaren arabera, fiskalak 18 urte eskatu ditu sexu-eraso delitu jarraituengatik, 2 urte eta 10 hilabete, intimitatearen aurkako delitu batengatik, eta 2 urte, larderiaz egindako lapurretagatik. Halaber, biktimarengana —500 metro baino gutxiagora— gerturatzeko debekua, 20 urtean biktimarekin komunikatzeko debekua, eta kartzela zigorra bete ostean 10 urteko zaintzapeko askatasuna betetzea eskatu du fiskalak akusatuentzat. Gainera, bost akusatuek biktimari 100.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du fiskalak, 'kalte morala' ordaintzeko, eta erantzule zibil zuzen gisa.

Gaurko saioaren ostean, bihar biktimak eta bi lekukok deklaratuko dute. Hurrengo egunean Iruñeko Udaltzaingoko lau agente eta Foruzaingoko bi agente izango dira epaiketa, eta hilaren 16an, berriz, beste hiru zortzi agenteren eta hiru lekukoren txanda izango da. Azaroaren 17rako aurreikusita daude lau foruzainen, lau lekukoren eta Iruñeko Udaltzaingoko agente baten deklarazioa. Hurrengo astean, adituen frogak aurkeztuko dituzte (hilak 20 eta 21), eta azaroaren 22an, berriz, galdeketa egingo diete bost akusatuei. Hilaren 23an defentsek deitutako lekukoek deklaratuko dute, eta azaroaren 24an bukatuko da epaiketa.

Elkarretaratzea kanpoaldean

Nafarroako Justizia Jauregiaren atarian elkarretaratzea egin dute goizean, eta bertaratu direnek "eraso sexisten aurrean tolerantzia zero" zioen pankarta bat erakutsi dute.

Bestalde, Andrea eta Lunes Lilas elkarteek Iruñeko Gaztelu plazan agerraldia egin dute biktimari elkartasuna adierazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Tratu txarrak Nafarroa gaur Entzierroa zuzenean Gizartea albisteak Eguneko albisteak