Gizartea -
Nafarroa
Sanferminetako taldekako bortxaketa azaroaren 13an hasiko dira epaitzen
Biktima Nafarroako epaitegira joan beharko da, baina ez ditu bost akusatuak ikusi beharko.
EITB.EUS
Azaroaren 13an hasiko dira epaitzen 2016ko sanferminetako taldekako bortxaketa. Bost akusatuek espetxean jarraitzen dute behin-behinean 2016ko uztailaren 7ko goizaldean 18 urteko emakume madrildar bat bortxatzea egotzita.
Nafarroako Auzitegiak emandako ebazpena irmoa da, eta, beraz, ez dago horren kontra helegiterik jartzerik. Halaber, Auzitegiak ez du onartu Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta herri akusazioak ?Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala? egindako eskaera. Salatzaileak epaitegian ez deklaratzeko eskatu zuten, baina Auzitegiak atzera bota du eskari hori, akusatuen nahia betez.
Beraz, emakume madrildarrak Nafarroako Justizia Jauregian deklaratu beharko du, baina ez ditu bost akusatuak aurrez aurre izango. Salatzaileak eta akusatuek elkar ikus ez dezaten, akusatuek beste gela batetik jarraituko dute epaiketa bideokonferentzia bidez, baina, betiere, akusatuen eta abokatuen arteko beharrezko komunikazioa bermatuta.
Bestalde, hiru magistratuek baztertu egin dute akusatuen eskuko telefonoetatik atzemandako hainbat material froga gisa onartzea. Hala ere, Poliziak telefonoak konfiskatu zituen arte 2016ko uztailaren 7an sortutako eduki eta artxiboak froga gisa erabiliko dira.
Dena den, auzitegiak azpimarratu duenez, epaiketatik kanpo utzi den materialak ez du loturarik epaituko diren gertaerekin.
Sanferminetako taldekako bortxaketaren akusatuek preso jarraituko dute
Aurreko astean, Nafarroako Auzitegiak baztertu egin zuen bost akusatuak aske uztea. Izan ere, epaileek autoan argudiatu zutenez, "ihes egiteko eta delitua berriro egiteko arriskua dago".
Auzitegiaren 2. Sekzioak hartu zuen erabakia, epaileetako batek boto partikularra eman bazuen ere. Bost akusatuen defentsak erregu-errekurtsoa aurkeztu zuen uztailean Auzitegiak hartutako erabakiaren kontra (kartzelan jarraitzea erabaki zuten orduan ere), eta aurreko ostiralean eman zuen erantzuna Auzitegiak, bost autotan.