Gizartea -
Zentral nuklearra
'Araba Garoñarik gabe' desegin egingo da, zentrala ixteko helburua beteta
Irailaren 30ean jai ekitaldia egingo dute Gasteizko alde zahar osoan zehar.
agentziak | erredakzioa
Araba Garoñarik gabe kolektiboak iragarri du desegin egingo dela 15 urteko lanaren ondoren, eta zuen "helburu bakarra beteta: zentrala ixtea", EAEko mugatik kilometro gutxira, Burgosen, dagoen zentralari erreferentzia eginez.
"Plataforma gutxik esan dezakete helburua bete dutelako desegin direla", adierazi du Alberto Frias bozeramaileak, gustura. Hala ere, ohartarazi du zaindu beharra dagoela zentralaren itxiera prozesua, "220 tona uranio" daudelako bertan.
Friasek azaldu duenez, aurreko astean erabaki zuten desegitea asanblada orokorrean, sindikatuek eta herritar mugimenduek osatutako asanbladan.
Plataformak eskerrak eman dizkio Arabako gizarteari 15 urteotan zentralaren aurkako mobilizazioak "babesteagatik". Horren harira, martxoaren 18an Gasteizen izandako manifestazio jendetsua izan du hizpide. Hala, esan du data hura izan zela Garoñaren heriotzaren data, "ez abuztuaren 1a".
Bestalde, kritikatu egin du alderdi politiko eta erakunde batzuk izandako jokabidea, itxieraren aldekoak zirela esan baina ekintza zehatzik egiten ez zutelako.
Araba Garoñarik gabek jai ekitaldia egingo dute Gasteizko alde zahar osoan zehar irailaren 30ean.