Gizartea -
Kataluniako atentatuak
'Desegintzat' emandako talde terroristaren azken kidearen bila ari dira
Younes Abouyaaqoub 23 urteko marokoarraren bila dabiltza, Bartzelonako furgonetaren gidaria izan delakoan. Hamabi terroristek gutxienez osatzen zuten taldea, Esquadra Mossoen aburuz.
Agentziak | ErredakzioaKata
Esquadra Mossoak Younes Abouyaaqoub Bartzelonako eta Cambrilseko (Tarragona) atentatuak egin zituen zelula terroristan identifikatutako azken kidearen bila ari dira, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.
Zelula gutxienez hamabi terroristek osatzen zutela uste dute Esquadra Mossoek. Bost Poliziak hil zituen Cambrilsen; lau atxilotu egin zituzten, horietako bat Alcanarren (Tarragona), eta hiru Ripollen (Girona); bi Alcanarreko etxearen leherketan hil ziren, abuztuaren 16an, eta Younes Abouyaaqoubek ihes egin zuen.
Younes Abouyaaqoub 23 urteko marokoarra da, eta hura bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua dago.
Alcanarreko atxilotua bertako etxeko leherketan zauritu zen pertsona da. Etxean ehun bat butano-bonbona zeuden, eta, ustez, terroristek atentatuetan erabiliko zituzten lehergailuak prestatzen zituzten bertan.
Atxilotutako pertsona Tortolako ospitale batean sartu zuten, eta alta jaso bezain laster polizia-etxera eraman zuten.
Bestalde, leherketaren ondorioz hil ziren bi pertsonak Mossoek identifikatutako bi terroristak diren jakiteko lanean ari dira auzitegiko medikuak. Zelularen parte izango lirateke.
Hasiera batean, Moussa Oukabir (17 urte ditu) 13 pertsona hil zituen Ramblako furgonetako gidaria zela pentsatu zen. Oukabir Cambrilsen hil zuen Poliziak. Halere, Josep Lluis Trapero Mossoen buruak azaldu duenez, hipotesi horrek ?gero eta pisu gutxiago? du.
Desegintzat eman dute antolakuntza hori
Testuinguru horretan, Juan Antonio Zoido Espainiako Barne ministroak desegintzat eman du larunbat honetan Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuak burutu zituzten terroristen sarea. Guztira, 14 pertsona hil eta ehunka zauritu utzi zituen Kataluniako eraso terroristak.
Zoidok agerraldia egin du Moncloako jauregian, mehatxu terroristaren mahaia bildu ostean alerta maila mantentzea erabaki dutela jakinarazteko. Bere esanetan, bilera horretan izan diren aditu guztiek bat egin dute antolakuntza hori desegintzat emateko orduan, atxilotutako lau terroristak, hildakoak eta identifikatuta daudenak kontuan izanda. Ildo horretatik, une honetan izapideak egiten ari direla baieztatu du.
Ikerlariek uste dute hamabi pertsonek osatzen zutela desegintzat eman duten zelula hori: Poliziak bost terrorista hil zituen Cambrilsen; Alcanarren (Tarragona) bat atxilotu zuten, eta Ripollen (Girona) beste hiru; abuztuaren 16an izandako leherketan bi hil ziren, eta beste bat (Younes Aboyaaqoub) bilatzeko eta atxilotzeko lanean ari dira une honetan.
Alabaina, Joaquim Form Generalitateko Barne kontseilariak ziurtatu du zelula hori zenbat pertsonek osatzen zuten zehaztu eta guztiak atxilotu arte ezin dela guztiz desegintzat eman.
Fornek azaldu duenez, Esquadra Mossoak ?bizpahiru pertsona? bilatzen ari dira, Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuekin zerikusia dutelakoan.
Mossoek leherketa kontrolatuak egingo dituzte Alcanarreko etxean
Esquadra Mossoetako agenteek larunbat goiz honetan leherketa kontrolatuak egingo dituzte Alcanarreko etxebizitzan. Ustez hori da zelula terroristen operazio gunea, Kataluniako Poliziak adierazi duenez.
Oraingoz, Moncelarlo udalerriko 11 bizilagun etxetik atera dituzte, etxean egindako produktu lehergailuak daudela jakin ostean.
Ramblan egindako hilketa baino handiagoa lortzeko asmoz lehergailu horiek gas-bonbonekin nahastuta bi edo hiru furgonetetara eramateko asmoa ote zegoen ikertzen ari da Polizia.
Ripolleko imama taldeko burua ote den ikertzen ari dira
Ripolleko imama (Girona) Bartzelonao eta Cambrilseko atentatuak egin dituen taldearen burua izan daitekeen ikertzen ari dira Mossoak. Goizaldean haren etxebizitza miatu dute.
Operatibotik gertu dauden iturrien arabera, gizonezkoa (45 urte ditu) salafista erradikal bat da, eta adinagatik eta profilagatik talde terroristaren burua izan daiteke.
Mossoek hainbat orduz erregistratu dute Ripollen imamaren pisua, arrasto eta DNA froga bila, Alcanarreko etxeko leherketan asteazkenean hil zen pertsonetako bat den jakiteko.