Gizartea -
ASTRONOMIA
Ilgorak eta lainoek pertseidak garbi ikustea eragotziko dute
Izar iheskor horiek ikusteko ordurik aproposenak gaur gauekoak izango dira.
EITB.EUS
Astronomiazaleek urteko zita garrantzitsuenetako bat izango dute gaur gauean; pertseidak edo Done Laurendiren malkoak ikusteko aukera izango da. Izar iheskor horiek ikusteko ordurik aproposenak gaur gauekoak izango dira. Halere, adituek aurreratu dutenez, ilgorak eta lainoek ez dute ikuskizunaz behar bezala gozatzen utziko.
Swift-Tuttle kometa berotzen den bakoitzean bere atzetik hauts partikulak uzten ditu. Meteoro txiki horiek abiadura handian sartzen dira atmosferan, eta, ondorioz, izar iheskorrak sortzen dira. Hauts partikula horiek oso txikiak dira, askok harea-pikor baten tamaina dute.
Kometa bat Eguzki Sistemara hurbiltzen den bakoitzean, eguzki-erradiazioaren eraginez horren nukleoa (izotzez eta haitzez osatuta) desegiten da, eta gasez eta hautsez osatutako partikula txikiak sortzen dira, eta kometaren orbitan zehar sakabanatzen dira.
Eguzki eklipsea
Aurten ikusiko dugun eguzki eklipsea aparteko ikuskizuna izango da munduan. Amerikako Estatu Batuetan erabatekoa izango da, eta partziala, berriz, ondorengo tokietan: Erdialdeko Amerikan, Hegoamerikako iparraldean eta Europan.
Ilargiak Eguzkia osorik estaltzen duen bakoitzean gertatzen da ikuskizun astronomiko hori, gure izarraren eta Lurraren artean jartzen baita.
Eguzki eklipsea denbora luzez ikusi ahal izateko, zerua ahalik eta garbien egotea komeni da. Arrazoi horregatik, puntu geografiko altuenean egotea da aukera onena.
Eklipsea ikusteko unean izarra zuzenean ez ikustea, etxean egindako iragazkiak saihestea, eta homologatuta dauden betaurrekoak ez erabiltzea aholkatu du NASAk