Gizartea -
GENERO INDARKERIA
Iruñeko bortxaketagatik atxilotuetako bi, Kordoban deklaratzera deituta
Sanferminetan emakume bat taldean bortxatu zutelakoan espetxean daudenetako bi deitu ditu deklaratzera Pozoblancoko Auzitegiko epaileak. 21 urteko neska batek salatu zituen, sexu erasoagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016ko Sanferminetan neska bat taldean bortxatzeagatik auzipetuetako lauk, Kordoban dute beste auzi bat zabalik. Iruñeko erasoa izan eta berehala, 21 urteko neska batek salatu zituen, iazko maiatzean sexu erasoa egin ziotelako.
Pozoblancoko Instrukzio Epaitegiak ikerketa zabaldu zuen, kasua argitzeko, eta gaur, akusatuetako bi deitu ditu deklaratzera. Ez da deklaratzera deituko dituzten lehen aldia.
Ikerketaren arabera, auto baten barruan egin zioten sexu erasoa emakumeari eta bideoan grabatu zuten, ondoren WhatsApp bidez zabaltzeko. Akusatuek bideo horren edukiaren inguruan deklaratzeari uko egin zioten, iazko urrian, epaileak deitu zituenean.
Epaileak uste du biktima lokartzeko substantziaren bat erabili zutela erasotzaileek.