Gizartea -
Sutea, Zorrotzan
Luis Muñoz, Zorrotzako bizilaguna: 'Iragarritako heriotza izan da'
Zorrotzako Auzo Elkarteko kideak esan duenez, sutea izan den lekua 'oso degradatuta' dago. Proiektu urbanistikoez haratago, auzoa biziberritzeko 'esku-hartze integrala' eskatu dute elkartetik.
EITB.EUS
Luis Muñoz Bilboko Zorroza auzoko Landa eremuko Bizilagunen Elkarteko bozeramaileak lau hildako utzi dituen sutearen inguruan Radio Euskadin esan duenez, "ikusita zegoen ezbeharra gertatuko zela, iragarritako heriotzaren kronika da".
Lau pertsona hil dira sutean. Horrez gain, beste bederatzi pertsona ospitalera eraman dituzte larri, eta horietatik bi oso larri daude.
Hiru solairu eta egurrezko egitura zuen eraikin zahar batean piztu da sutea. Bizilagunen bozeramailearen arabera, "berrogei urte daramatzagu Udaletxean egoera salatzen, irtenbidea eskatzeko. Eremu degradatua da, hala urbanismo nola gizarte arloan".
"Bizilagunak ezin sinetsita gaude, erabat lur jota gaude auzoan. Aspaldi eman genuen egoeraren berri, etxe zaharrak izateaz gain, ez dituzte baldintza osasungarriak. Gainera, bizikidetza arazoak" daudela salatu du.
Bestalde, Carlos Rodriguez Zorrotza Auzo Elkarteko kideak ere auzoaren inguruan hitz egin du Euskadi Irratian. Horren hitzetan, ezbeharra izan den lekua "oso degradatuta dago, eraikin ia guztiak egurrezkoak eta zaharrak dira".
Bilboko Udalak gaur erre den eraikina eraisteko asmoa zuela ziurtatu du Rodriguezek. "Apirilean izan genuen bilera alkatearekin eta hainbat zinegotzirekin, auzoaren egoeraren inguruan hitz egiteko. Bileran esan ziguten eraikin hori eta aldamenean dagoen beste bat bota egingo zituztela. Eraikinen egitura oso kaltetua zegoen", esan du.
Auzoaren egoeraz kezkatuta agertu da bizilaguna, eta Udalari, proiektu urbanistikoez haratago, auzoa biziberritzeko "esku-hartze integrala" eskatu diote elkartetik, besteak beste, elkarbizitza bideratzeko.