Gizartea -
Donostia
GuraSOSek erraustegiaren prozesuaren aurka jarritako helegitea, atzera
Epaitegiaren esanetan, herriaren subiranotasuna "ordezkarien bidez" gauzatzen da "normalean"; "salbuespenetan, herriak erabil dezake zuzenean".
Agentziak | erredakzioa
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegiak errefusatu egin zuen atzo, astelehena, GuraSOS plataformak aurkeztutako helegitea. Plataformak epaitegietara jo zuen Gipuzkoako erraustegia eraikitzeko prozesuan ez delako herritarren parte hartzea izan.
Hala, oraingoan emandako epaiak aurreko urtarrilaren 30an EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiarekin bat egiten du. Orduan, EAEANak baztertu egin zuen GuraSOSek arrazoi beragatik -parte hartze publikoaren falta- aurkeztutako helegitea, esleitzeko prozesuaren aurka.
Gainera, otsailaren 20an, EAEANak elkartearen beste helegite bat errefusatu zuen. Horretan, ingurugiroan egin behar zuen eraginaren txostenean eta Eusko Jaurlaritzaren baimenean egindako aldaketengatik aurkeztu zuen helegitea.
Foru Aldundiak atzo zabaldutako epaian, plataformak aurkeztutako helegitea baztertu du Epaitegiak berriz ere eta, gogoratu dionez, gai publikoetan parte hartzeko eskubidea "hiritar bakanei" dagokie.
"Hau da -dio ebazpenak- Konstituzioak parte hartzeko eskubidea ematen die herritarrei, hori dela eta, helegitea aurkeztu duen elkarteak ezin du bere gain hartu herritarrei dagokien eskubidea".
Legeak "ez die ahalbidetzen herritarrei gai publiko guztietan parte hartzea, gai batzuetan parte hartzeko" erakundeek "deialdi berezia egin edo zilegitasun berezia" behar da, "zuzenbide pribatuaren entitateen edo subjektuen kasuan".
Epaitegiaren esanetan, herriaren subiranotasuna "ordezkarien bidez" gauzatzen da "normalean"; "salbuespenetan, herriak erabil dezake zuzenean".