Gizartea -
Zentral nuklearra
Garoña behin betiko ixtea eskatu du Gasteizko Udalak
EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk, Hemen Gaudek eta Irabazik babestu dute mozioa, eta PPk kontra bozkatu du. Halaber, Fernando Marti CSNko presidentea kargugabetzeko eskatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udalak mozio bat onartu du astelehen honetan, otsailak 13, Garoñako zentral nuklearra behin betiko ixtea eskatzeko. Halaber, Fernando Marti Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko presidentea (CSN, gaztelerazko sigletan) kargugabetzeko eskatu du.
EAJ (5), PSE-EE (4), EH Bildu (6), Hemen Gaude (2) eta Irabazi (1) alderdiek babestu dute mozioa, eta PPk kontra bozkatu du.
Garoña ixtea bermatzeko, zentral nuklearra “berehala” eraisten hasteko eskatu du Udalbatzak onartutako mozioak. Ildo horretatik, Gasteizko Udalaren iritzia defenda dezaten eskatu diete Eusko Jaurlaritzak CSNko aholku batzordean dituen bi ordezkariei.
Era berean, Espainiako Gobernuak Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzea erabakiko balu, epaitegietara jotzeko aukera aztertuko lukeela jakinarazi du Gasteizko Udalak.
Alderdi Popularrak beste mozio bat aurkeztu du, baina Udalbatzak atzera bota du “ez delako nahikoa”.
Dena dela, zentral nuklearra ixteko hartutako konpromisoa berretsi du, eta Udalak hartutako erabakiaren berri Energia Ministerioari eman beharko lioketela iradoki die gainerako alderdi politikoei.
Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak oraindik ez du jakinarazi zentral nuklearraren inguruan hartutako erabakia. Hori dela eta, hurrengo sei hilabeteetan Energia Ministerioak gai horren inguruan egingo dituen bileretan parte hartzeko deia egin dio Udalak.