Gizartea -
Nafarroa
Zonifikazio legaren arabera bermatuko dute euskarazko arreta-zerbitzua
"Ez gara komunitate elebiduna, baina bi hizkuntza propio dituen komunitatea osatzen dugu”, azpimarratu du Ana Ollo kontseilariak.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioa aintzat hartuta bermatuko du euskarazko arreta-zerbitzua administrazio publikoan.
"Ez gara komunitate elebiduna, baina bi hizkuntza propio dituen komunitatea osatzen dugu”, azpimarratu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak.
Horren esanetan, aurrerantzean deituko diren lan-eskaintza publikorako deialdietan ere euskara jakitea meritutzat joko dute eta puntuazioa zonifikazioaren araberakoa izango da.
“Araudiak modu positiboan egin nahi ditugu”, esan du Ollok. Egitasmoa Sektore Publikoko Mahaian negoziatuko dutela eta herritarren ekarpenak jasotzeko prozesu bat abiatuko dutela jakinarazi du.
Urtebeteren buruan Nafarroako Gobernua osatzen duten departamentuek beren beharrizanak, baliabideak eta egutegiak aurkeztu beharko dituzte.
Nolanahi ere, Ollok nabarmendu du dagoeneko Administrazioan lanpostua duten langileen eskubideak errespetatuko dituztela.
Foru Gobernuak emandako datuen arabera, Nafarroan herritarren % 12,9 euskal hiztunak dira; % 10,3 elebidun pasiboak dira; eta (Hezkuntzakoak kenduta) lanpostuen % 0,9rako soilik eskatzen da elebiduna izatea.
Nafarroako Ospitalean, adibidez, 5.812 langile daude, eta erizaintzako plaza baterako soilik eskatzen da elebiduna izatea; Kultura, Kirola eta Gazteria sailean, euskarazko bi plaza baino ez daude 379 langilerentzat (liburutegi, museo edo kiroldegietako langileak tartean daude); Ogasun eta Turismo arloan, berriz, ez dago euskarazko lanposturik.
Ana Olloren esanetan, honek guztiak agerian uzten du UPNk ez zuela inolako planik administrazio publikora euskaraz jotzen duten herritarrei arreta-zerbitzu egokia eskaini ahal izateko.