Gizartea -

Osasuna

Zer egin gripea izanez gero?

Kontsultatu albiste honetan gripea zer den, sintomak zeintzuk diren, gaixotasun horren aurrean zer egin behar den eta medikuarengana joatea noiz den ezinbestekoa.

Emakume bati gripearen txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Emakume bati gripearen txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Emakume bati gripearen txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gripe-epidemia negu honetan hilabete lehenago iritsi da, joan den urtearekin alderatuta, eta horrek ospitaleak eta osasun-zentroak gainezka egotea eragin du.

Osakidetzak, bere webgunean, gripea zer den eta sintomak zeintzuk diren azaltzen du, eta gaixotasun horren aurrean zer egin behar den eta medikuarengana noiz joan behar den zehazten du.

ZER DA GRIPEA?

Birus batek eragiten duen gaixotasun bat da, udazkenean eta neguan sarriago gertatzen dena.

Bat batean hasten da, sukar handiarekin (38º baino gehiago). Gainera, 5-8 irauten duten honako sintoma hauekin batera agertzen da: hotzikarak, ondoez orokorra, buruko mina, giharretako eta artikulazioetako mina, malko-jarioa, eztula…

Birusa pertsonatik pertsonara igortzen da, batez ere airearekin, pertsonek hitz egitean, eztul edo doministiku egitean egozten dituen listu tantatxoen eta sudur jariakinen bitartez, airean, eskuetan edo gainazaletan barreiaturik geratzen baitira.

Pertsonak kutsa daitezke zuzenean infektaturik dagoen pertsona baten mikrotantak arnasteagatik, edo zeharka, eskuetan edo gainazaletan geratu diren mikrotanta infektatuak ukitu ondoren, eskuak begietara, sudurrera edo ahora eramateagatik.

Beste pertsona batzuk gaixotasuna hasi zenetik 7 egunera ere kutsa daitezke. Batzuetan, konplikazioak (sinusitisa, otitisa…) sorrarazi edo gaixotasun kroniko batzuk larriagotzea eragin dezake.

ZER EGIN DAITEKE?

- Gera zaitez etxean, ez joan lantegira, eskolara edo jendetza biltzen den lekuetara.

- Egon zaitez betiere ahalik eta urrutien (gutxienez metro 1) sintomarik aurkezten ez duten pertsonetatik.

- Eztul edo doministiku egiterakoan estali ongi ahoa eta sudurra besoarekin edo zapi batekin arnas jariakinik ez zabaltzeko.

- Ahal dela, balia itzazu beti erabili eta botatzeko mukizapiak zintz egiteko eta bota itzazu erabili bezain laster.

- Garbi itzazu sarritan eskuak ura eta xaboia erabiliz birusen hedapena saihesteko eta beti eztul edo doministiku egin eta mukiak zintzatu ondoren.

- Egurastu zauden aretoko giroa leihoak sarritan zabalduz.

- Analgesikoak edo antitermikoak har ditzakezu buruko minarentzat edo sukarrarentzat.

- Ez hartu inoiz antibiotikorik zure kabuz; horiek hartzea beharrezkoa izango balitz, zure medikuak errezetatuko dizkizu.

NOIZ ESKATU BEHAR DA HITZORDUA MEDIKUAREKIN?

Ume txikien kasuan, honako hauek agertzen badira:

- Arnasketa azkarra edo arnasa hartzeko zailtasuna.

- Erupzioak larruazalean.

- Gripearen sintomak hasieran hobetu egiten dira, baina gero berriro agertzen dira.

- Ez dute jan nahi edo ez dute ezer egiteko (jolastu, mugitu…) gogorik

Pertsona helduen kasuan, sintoma hauek antzematen badira:

- Arnasa hartzeko zailtasuna.

- Mina edo presioa bular edo sabelaldean.

- Zorabio iraunkorra.

- Nahaste-egoera.

- 38º-tik gorako sukarra lau egunetan.

Ondoko arrisku-taldeetakoren batekoa bazara:

- Emakume haurdunak.

- Bihotz hodietako gaixotasun kronikoak (hipertentsioa salbu).

- Arnas gaixotasun kronikoak (honako hauek barne: bronkio-biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta asma moderatu-larri iraunkorra).

- Tratamendu farmakologikoan dagoen diabetes mellitus I tipokoa eta II tipokoa.

- Giltzurrun gutxiegitasun moderatu-larria.

- Hemoglobinopatia eta anemia moderatu-larriak.

- Asplenia.

- Gaixotasun hepatiko kroniko aurreratua.

- Gaixotasun neuromuskular larriak.

- Immunosupresioa duten pazienteak (GIB edo farmakoengatiko infekzioak eragindakoa barne, eta transplanteetako hartzaileak).

- Obesitate morbidoa (gorputz masaren indizea 40 edo gehiagokoa).

- 18 urtetik beherako haur eta nerabeak, baldin azido azetilsalizilikoarekiko tratamendu luzean badaude, Reye sindromea garatzeko arriskuagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Gaixotasunak albisteak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Osasunari buruzko albisteak Txertoak egutegia