Gizartea -

URTEURRENA

EiTBk 20 urte bete ditu Interneten, egunero 100.000 erabiltzailerekin

1996ko abenduaren 19an, EiTBren lehenengo domeinua erregistratu zen Interneten. Orduan, ez zen Google bilatzailea existitzen, ezta Wikipedia, YouTube, Facebook, Twitter eta telefono mugikorrak ere.

Honelakoa zen eitb.com, 1996ko abenduaren 19an
Honelakoa zen eitb.com, 1996ko abenduaren 19an
EiTBk 20 urte bete ditu gaur Interneten

1:37

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 19 honetan, EiTBk 20 urte bete ditu Interneten. Aurten, audientzia-marka historikoa lortu du eitb.eus-ek. Urtarriletik azarora, 100.000 erabiltzaile bakarren batez bestekoa gainditu du webguneak, OJD Interactivaren datuen arabera.

1996ko abenduaren 19an, Euskadi Irrati Telebista komunikazio-talde publikoak eitb.com domeinua erregistratu zuen sarean. Hasieran, webgunean argitaratzen ziren albisteak finkoak ziren. Duela bi urte (2014an), eitb.eus domeinu berria jarri zen martxan. EiTBren webguneak hainbat aukera eskaintzen ditu, besteak beste atal tematiko ugari, unean bertan gaurkotutako edukiak, telebista eta irratia nahieran, ekitaldien jarraipen berezia streaming bidez eta gailu guztien bidez (telefonoa, tableta, ordenagailua…) webgunean sartzeko aukera.

EiTBk Interneten bizi izandako aldaketa bat etorri da gizartearen garapenarekin; izan ere, albisteak eta entretenimendu edukiak kontsumitzeko modua aldatu egin da azken urteotan. Horren ildotik, 1996an ez zen Google bilatzailea existitzen, ezta  Wikipedia, YouTube, Facebook eta Twitter ere. Telefono mugikorrek ez zuten zerikusirik egun aski ezagutzen ditugun smartphonekin. Garai hartan, Ericsson eta Motorola ziren markarik ospetsuenak.

Gaur egun, eitb.eus-eko bisitari gehienak Google bitartez sartzen dira webgunean. Audientziaren % 25 sare sozialetatik dator, eta hiru erabiltzailetatik bik telefono mugikorren bidez kontsultatzen dituzte edukiak. Duela 20 urte, ez zen existitzen hori guztia.

Mundu guztirako emanaldiak, eitb24 eta 'Nahieran'

EiTB Internet munduarekin lotu zuen data historiko horrekin batera, beste hiru gertaera garrantzitsuk markatu dute euskal hedabidearen historia webgunean, edukien ikuspegitik.

Lehen fase batean osagai estatikoak eta korporatiboak nagusi ziren, baina, 2000. urtean, ETBk Amerikan lehen emisioak Internet bidez zabaltzearekin batera, EiTBk aurrerapausoa eman zuen webgunean: bere irratiak eta telebistak mundu osoan ikusi eta entzun zitezkeen jada streaming bidez. Entretenimenduko eta albistegietako edukiak egunero eguneratzen hasi ziren. Gainera, pixkanaka-pixkanaka bideoa uztartu zuten.

2004an eitb24 sortu zen, eskaintza informatiboa zabaltzeko albiste ataria, eta egunean 24 orduko informazio webgunea izateko. Euskal hedabide taldearen lidergoa, irratiaz eta telebistaz gain, Internetekin sendotu zuten.

2011n, 'EiTB Nahieran' martxan jarri zuten. Zerbitzu horrek Euskal Telebistako eta irratietako saioak edonoiz eta edonon ikusteko eta entzuteko aukera ematen die erabiltzaileei,  ordenagailuan, mugikorrean eta (orain dela gutxi) telebista konektatuetan ere.

Ezbairik gabe, aplikazio berezien (EiTB eta Gazteak eta Hiru3k aurten martxan jarritakoak) sorrerak eta mugikorren bidezko sarreren hazkundeak etorkizuneko bidea markatuko dute, eta erronka nagusia hau izango da: eduki digitalen sektorean etengabe eta oso azkar gertatzen diren aldaketetara egokitzea, bai teknologiaren alorrean, bai edukiak sortzeko moduan.

Hurrengo urteari begira, bi egitasmo garrantzitsuenak 'EiTB Nahieran' berritzea eta erabiltzaileek sortutako edukiak mugikorretara egokitzea izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak