Gizartea -
Gasteiz
Abetxukun okupatutako etxea uzteko agindu die epaitegi batek 'Pitxiei'
Bost eguneko epean Abetxukun okupatutako etxebizitzatik irteteko eskatu die Gasteizko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abetxuku auzoan okupatu zuten etxebizitza uzteko agindu die Gasteizko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak 'Pitxiei'. Ekintza horretan, usurpazio delitua egin izanaren zantzuak daudela uste du epaileak.
Epaitegiak azaroaren 23an eman zuen epaia, baina ez da gaur arte jakitera eman. Epaileak aintzat hartu du etxebizitzaren jabearen salaketa, behin-behineko neurri hori hartzea eskatu baitzuen. Autoan zehazten denez, bereziki kontuan hartu du jabea estutasunez bizi dela.
Epailearen esanetan, eskatutako behin-behineko neurria hartzeko beharrezko baldintzak betetzen dira, besteak beste, usurpazio delitua egin izanaren zantzuak daudelako. Aipaturiko delitu horrengatik, hiru eta sei hilabeteko zigorra jaso dezakete.
Hori dela eta, okupek bost eguneko epea dute etxetik irteteko, ebazpena jakinarazi den egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Abenduaren 3rako alde egiten ez badute, Ertzaintza arduratuko da familia bertatik ateratzeaz. Gainera, agindu judizialari entzungor egiten badiote, desobedientzia-delitua leporatu ahalko diete.
"Pitxiek" epaitegien erabakia errespetatuko dute
"Pitxiek" epailearen erabakia "dudarik gabe eta zintzotasunez" errespetatuko dutela ziurtatu du Fede Garcia Arabako SOS Arrazakeria taldearen bozeramaileak. Aldi berean, Manzanares Cortes familian Gasteizen bizitzen jarraitzeko asmoa duela zehaztu du.
Arabako SOS Arrazakeriako bozeramaileak epailearen erabakia deitoratu du. Are gehiago, "inguruko presioa" epaileak erabakia hartzeko testuingururik onena ez dela izan azpimarratu du. Fede Garciaren esanetan, familiak zer erabaki hartuko dituen ez aurreratzeko eskubidea du.
Hala ere, bizileku berriaren inguruko erabakia inolako presiorik gabe hartuko dutela eta "libreki" erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu du Garciak.
Bestalde, Gasteizko Udalak nabarmendu du "Pitxiak" hirian erroldatzeko prozesua bere bidea egiten ari dela eta Udalak hiru hilabeteko epea duela eskaera horri buruzko erabakia hartzeko.