Gizartea -
Behin-behineko erabakia
Pitxiek jarritako salaketa artxibatu du epaileak
Pitxien familiako kide batek Abetxukuko bi auzokideen kontra jarritako salaketa artxibatzea erabaki du Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak.
Agentziak | Erredakzioa
Pitxien familiako kide batek Abetxukuko Uribe Nogales auzokide elkarteko arduradunaren eta auzo horretako parrokoaren kontra jarritako salaketa behin-behinean artxibatu du Gasteizko epaitegi batek. Salaketa horren bitartez, bere familiako kideek mehatxuak eta indarkeria jasaten dutela salatu zuen.
Arabako SOS Arrazakeriak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Pitxien familiako kideak jarritako salaketa behin-behinean artxibatu du Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak. Azkenaldian, familia gatazkatsu horrek okupatutako etxearen aurrean manifestazio eta protesta ugari egin dituzte auzo horretako bizilagunek, eta legea bete dezatela eskatu diete agintariei.
Duela hilabete batzuk, Bilboko Ollerieta auzoan okupatutako etxetik alde egin zuten Pitxiek, baina Gasteizera joan ziren eta Abetxuku auzoan etxe bat okupatu zuten. Egoera horren aurrean, “legea bete arte” protesta egiten jarraituko dutela berretsi dute auzokideek.
Orain, Pitxiek jarritako salaketa artxibatu du epaitegiak, ustez, auzokideek manifestazioetan oihukatutako “kanpora” edota “akabatu” bezalako adierazpenak ez dituztelako pertsona jakin baten kontra zuzentzen. Ondorioz, epaileak ez du gorroto deliturik epaituko.
Bestalde, jazarpen-salaketari dagokionez, 2014ko urtarrilean Madrilgo Lurralde Auzitegiak eskratxeei buruz eman zuen epaia gogora ekarri du Gasteizko epaitegiak. Zehazki, protesta egiteko modu bat dela eta horrek herritarren aniztasun politikoa erakusten duela esan zuen Madrilgo Lurralde Auzitegiak.
Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak hartutako erabakiaren aurrean, helegitea jarriko duela iragarri du Arabako SOS Arrazakeriak.
Halaber, Gasteizko Udalak Pitxiak erroldatzeko eskaera aztertzen duen bitartean, familia horrek sei urteko neskatoa eskolatzeko eskaera egin duela gaineratu du Arabako SOS Arrazakeriak.