Gizartea -
Sexu erasoak
Sanferminetako bortxaketaren 4 auzipetu, Kordoban deklaratzera deituak
Espetxetik bertatik deklaratuko dute, bideokonferentziaz. Pozoblancoko epaileak 21 urteko neska bati Kordoban sexu-erasoa egitea leporatzen die.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kordobako Pozoblanco udalerriko 1. instrukzio epaitegiko epaileak sanferminetako bortxaketagatik auziperatuta dauden bost gazteetatik lau deklaratzera deitu ditu urriaren 28an, Kordoban 21 urteko neska bati sexu-erasoa egotzita.
Epaitegietako iturriek baieztatu dutenez, laurek espetxetik bertatik deklaratuko dute, bideokonferentziaz.
Pozoblancoko auzitegiak auzia ireki du aipaturiko lau gizonek, ustez, 21 urteko emakume bati Kordoban egindako sexu-erasoa ikertzeko.
Aipaturiko lau gizon horiez gain, epaileak 21 urteko emakumea eta lekukoak deklaratzera deituko ditu. Gainera, auzitegiko mediku bati frogak eskatuko dizkio eta biktimari egindako analisi toxikologikoak aztertuko ditu, lau gizonek emakumeari substantzia toxikoren bat eman ote zioten argitzeko.
Sanferminetan taldean egindako bortxaketa ikertzen ari den Iruñeko epaileak beste eraso matxista bat egotzi die auzipetu dituzten bost gizonetako lauri. Zehazki, Kordoban, maiatzean, 21 urteko neska batek pairatutako sexu-abusuen erantzule egin ditu.
Auzipetuek sakelakoarekin grabatu zituzten egindako erasoak, eta grabatutako bi bideoetako bat txat batean partekatu zuten. Epailearen esanetan, "biktima korderik gabe uzteko substantziak erabili zituzten zantzu argiak daude".