Gizartea -
Donostiako Aireportua
Hegaldiak eskaintzeari utziko dio Vuelingek Hondarribiko aireportuan
Aireportuko pista 300 metro murriztu behar dute. Hori egin ondoren, bere zerbitzua errentagarria izango ez dela uste du aire-konpainiak. "Gipuzkoa ezin da isolatuta geratu", esan du Aldundiak.
Agentziak | Erredakzioa
Vueling aire-konpainiak ostiral honetan iragarri duenez, Hondarribiko aireportuan eskaintzen duen zerbitzua bertan behera geratuko da pista 300 metro murrizten dutenean.
Segurtasun neurriak tarteko, pistak 300 metro motzago izan behar zuela jakinarazi zioten Europako erakundeek Gipuzkoako aireportua kudeatzen duen erakundeari. Aldaketa 2017ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko du Donostiako Aireportuak. Gauza jakina zen neurri horrek eragin zuzena izango zuena aireportuaren ahalmenean, eta Vuelingen erabakia horren lekuko.
Vuelingen iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez, pista laburtu ondoren, aire-konpainiak moldaketak egin beharko lituzke bere hegaldietan, eta horrek errentagarritasuna kenduko lioke.
Airelinearen hitzetan, egun Airbus A-319 motako hegazkinekin ari dira Donostia-Bartzelona hegaldiak eskaintzen. Konpainian duten hegazkin txikiena da, 150 bidaiari hartzeko ahalmena duena.
Pista 300 metro laburtuta, asko jota 80 bidaiari bakarrik joan ahalko lirateke hegazkinotan, segurtasunez lurreratzeko eta aireratzeko aparatuak hartzen duen pisuari erreparatuta. Bidaiarien kopurua murriztuta, zerbitzua ez litzateke errentagarria izango.
Vuelingek ez du iragarri noiz utziko dituen hegaldiak bertan behera. Pista 2017ko abenduaren 31 baino lehen murriztu beharko dute, edonola ere.
Aire-konpainiak erabaki horren berri eman die jada Aenari eta euskal erakundeei.
Aldundiak "erakundeen arteko konpromisoa" eskatu du
Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolakuntzarako diputatuak "erakundeen arteko konpromisoa" eskatu du, Hondarribiko aireportuaren eraginkortasuna babesteko.
Ohar baten bidez, Garmediak kezka agertu du eta gainerako erakundeei dei egin die aireportuaren egungo eraginkortasuna "zain eta muin" babesteko. "Gipuzkoa ezin da isolatuta geratu, garapen ekonomiko, sozial eta turistikora beharrezko dituen loturarik gabe’’, esan du.
Hala, azpimarratu du garrantzitsua dela urriaren 21ean Ortzibia sozietateak egingo duen bileran erakunde guztien konpromisoa lortzea.