Gizartea -

PABLO IBAR KASUA

DNA froga berria 'zalantzazkoa' dela esan du Ibarren defentsak

Azken 22 urteotan Fiskaltzak aurkezten duen bosgarren DNA froga da. Ibarren defentsaren iritzian, ez da kontuan hartzekoa.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ibar auziko Fiskaltzak aurkeztu berri duen DNA froga "zalantzazkoa" dela esan du auzipetuaren defentsak, eta ez du uste epaiketan aintzat hartuko dutenik.

Ibarrek 22 urte daramatza preso, eta horietako 16 heriotzaren korridorean igaro ditu. Egun, kartzela arrunt batean dago, epaiketa berriaren zain.

Andres Krakenberger Pablo Ibarren Heriotza Zigorraren aurkako Elkarteko bozeramaileak azaldu ditu defentsaren argudioak, Logroñon. Epaiketa ordaintzeko diru-bilketa kanpaina egiten ari dira, egunotan, Errioxan. Agerraldian izan da Candido Ibar (Pabloren aita) ere.

2000. urtean heriotza zigorra ezarri zioten Ibarri, hiru lagunen hilketa egotzita. 2016ko otsailean, berriz, Floridako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen zigor hori, eta epaiketa berriz egitea agindu zuen.

Joan den hilean, epaiketa berria prestatzeko hitzorduetako bat egin baino egun gutxi lehenago, Fiskaltzak aldeei jakinarazi zien DNA froga berria aurkeztuko zuela.

Krakenbergerren hitzetan, azken 22 urteotan Fiskaltzak aurkezten duen bosgarren DNA froga da. Hilketak izan ziren lekuan aurkitutako kamiseta bati egindako analisiak aurkeztuko dituzte. Antza, DNA arrastoak zituen kamiseta horrek, bularraldean.

Defentsak uste du froga hori ezerezean geratuko dela, ez duelako sinesgarritasunik. Antza, Krakenbergerrek azaldu duenez, "orban txiki-txiki" bat aurkitu dute.

Espainian DNA frogak egiten dituzten adituei erakutsi dizkiete Fiskaltzak aurkeztu dituen analisiak, eta horien iritzian, froga hori ez da kontuan hartzekoa. Horregatik, ez dute uste Fiskaltzak epaiketan modu ofizialean aurkeztuko duenik DNA froga berria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Pablo Ibar auzia Epaiketak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak