Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat atxilotuta Barakaldon, emakume bati eraso egitea leporatuta
Barakaldoko Udaltzaingoak 47 urteko gizonezko bat atxilo hartu du , udalerriko ibilgailuen gordailutik gertu dagoen aparkalekuan Bilbon bizi den 41 urteko emakume bati sexu-erasoa egin diolakoan.
Agentziak | Erredakzioa
Barakaldoko Udaltzaingoak 47 urteko gizonezko bat atxilo hartu du Barakaldon, udalerriko ibilgailuen gordailutik gertu dagoen aparkalekuan Bilbon bizi den 41 urteko emakume bati sexu-erasoa egin diolakoan, Udal iturriek jakinarazi dutenez.
Larunbat gauean, 23:45ean, ibilgailuen gordailutik gertu oihuak entzun zituela esan zion bizilagun batek Poliziari.
Bertaratu ziren agenteek oihuak entzun zituzten eta ibilgailu baten barruan emakume batekin zegoen gizonezko bat atxilotu zuten. Emakumeak Poliziari esan zionez, atxilotuak eraso egin zion.
Barakaldoko Udalak erasoa gogor gaitzetsi du eta biktimaren esku bitarteko eta babes guztia utziko duela iragarri. Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Amaia del Campo alkateak azaldu du "amorragarria" dela "egunetik egunera" emakumeen aurkako sexu erasoak gertatzea, eta nabarmendu egin du kasu honetan herritarren laguntzak ahalbidetu duela ustezko erasotzailea tokian bertan atxilotzea.
Udalak elkarretaratzea deitu du biharko.12:00etan egingo da, udaletxearen aurrean, gertakaria salatzeko eta biktimari elkartasuna adierazteko xedearekin. Herritarrei dei egin die bertan parte hartzera, emakumeen aurkako eraso eta indarkeria ekintza guztiak gaitzesteko.