Gizartea -
Zika birusa
AEBk zikaren aurkako txerto bat gizakietan probatzeko baimena eman du
Txertoari jarri dioten izena “GLS-5700” da, eta animaliekin egin dituzten probetan eraginkorra dela ikusi dutenez, gizakietan ere hala izan daitekeela uste dute adituek.
Agentziak | Erredakzioa
Elikagai eta Sendagaien Estatu Batuetako Administrazioak baimena eman du astelehen honetan, ekainak 20, zika birusari aurre egiteko txertoa gizakietan probatzeko.
Inovio enpresa farmazeutikoak, txertoa garatu duen enpresetako batek, azaldu duenez, “datozen asteetan” hasiko dira lehen boluntarioekin probak egiten, baina “urtearen amaierara arte” ez dituzte behin-behineko emaitzak argitaratuko.
Txertoari jarri dioten izena “GLS-5700” da, eta animaliekin egin dituzten probetan eraginkorra dela ikusi dutenez, gizakietan ere hala izan daitekeela uste dute adituek. Orain, fase berria jarriko dute martxan eta osasuntsu dauden 40 boluntariorekin probatuko dute gizakiengan eraginkorra ote den.
Inovio eta GeneOne enpresek Estatu Batuetako eta Kanadako beste aditu batzuen laguntzarekin garatu dute zika birusari aurre egiteko txertoa. Aurretik, ebolaren kontrako txertoa egin zuten.