Gizartea -
Indarkeria matxista
Lau pertsonari sexu-erasoak egin dizkiete Iruñean, 15 egunean
Bi astean, hiru eraso jazo dira Nafarroako hiriburuan. Sei pertsona atxilotu dituzte orotara.
eitb.eus
Lau pertsonari sexu abusuak egin dizkiete azken bi asteetan Iruñean jazotako hiru erasotan. Guztira sei pertsona atxilotu dituzte, eta zazpigarren baten bila ari dira.
Biktimak bi neska gazte eta bi mutil adingabe dira.
Lehen erasoa maiatzaren 1eko goizaldean jazo zen, Donibane auzoko etxebizitza batean. Egun horretan, bi neska gazte, adin nagusiak biak, ezagun batzuekin topatu ziren eta, ondoren, etxebizitza horretara joan ziren, eta bati abusuak egin zizkioten bertan.
Biktimak bertan zeuden zenbait pertsonaren laguntza izan zuen. Izan ere, erasoa eten egin zuten, eta Udaltzaingora joan ziren berarekin, salaketa jar zezan.
Horren ostean, 20-22 urteko hiru mutil atxilotu zituzten. Epaileak aske utzi zituen, baina karguak egotzita.
Auzo horretan bertan, 20 urteko neska bati erasoa egin zioten hilaren 15ean.
02:45ean jazo zen erasoa, San Roke kalean. Lekukoek erasotzaileetako bat atxiki zuten, Polizia iritsi arte. Gainera, beste baten deskribapena eman zuten, eta, horri esker, atxilotu ahal izan zuten handik gertu.
Atxilotuak Iruñean eta Eguesibarrean bizi diren 26 eta 21 urteko bi gizonezko dira, hurrenez hurren, eta epaileak kartzelatu egin zituen. Nolanahi ere, agenteak beste susmagarri baten bila ari dira.
Egun horretan bertan, maiatzaren 15ean alegia, bi mutil adingaberi ere egin zieten sexu-erasoa, 04:00etan, San Jorge auzoan.
Horren ondorioz, 19 urteko mutil bat atxilotu, eta kartzelatu egin dute astearte honetan.