Gizartea -
Indarkeria matxista
Espetxera, Iruñeko sexu-erasoagatik atxilotutako bi gazteak
Polizia hirugarren pertsona baten bila ari da, Donibaneko sexu-erasoan parte hartu zuelakoan.
eitb.eus
Epaileak espetxera bidali ditu Iruñeko Donibane auzoan igande goizaldean izandako sexu-erasoaren ustezko bi egileak.
Guardiako epaileak M.V.J. (21 urte) eta J.P.A.G. (26 urte) behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du, fidantzarik gabe, sexu erasoa egitea egotzita.
Gainera, Polizia beste pertsona bat bilatzen ari da, 20 urteko emakume batek Donibane auzoan jasandako sexu-erasoan parte hartu zuelakoan, Radio Euskadik jakinarazi duenez.
Iruñeko Udalak azaldu duenez, bortxaketa atzo goizaldean egin zuten, San Roque kalean.
Hainbat lekukok erasotzaileetako bat atxiki zuten, Polizia heldu arte. Bestea handik gertu topatu eta atxilotu zuten, pertsona horiek emandako deskribapenari esker.
Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta elkarretaratze bat deitu du bihar eguerdirako, udaletxe plazan.