Gizartea -
Errefuxiatuen krisia
Ordainduz gero, EBko estatuek ez dute errefuxiaturik jaso beharko
Dirua errefuxiatuak onartzen dituen estatuari emango diote, eta prezioa ahal duten garestien jartzen saiatuko omen dira, estatuentzat neurri erakargarria izan ez dadin.
agentziak | erredakzioa
Europako Batzordeak gaur proposatuko duen neurri bati esker, Estatuek ez dute errefuxiaturik jaso behar izango prezio altu bat ordainduz gero. Errefuxiatu bakoitzeko ordainduko duten dirua pertsona hori jasotzen duen herrialdearentzat izango da.
Prezioa ahal duten garestien jartzen saiatuko omen dira, estatuentzat neurri erakargarria izan ez dadin, Europako batzordeko iturriek jakitera eman dutenez.
Lehenengo aldiz emango du EBk ordaintzeko aukera errefuxiatuen krisi garaian banaketa prozesuan parte ez hartzeko.
Printzipioz, errefuxiatuak Europar Batasunean zapaldu duen lehenengo herrialdean eskatu beharko du asiloa, baina herrialde horren harrera gaitasuna gainditzen denean, beste estatu batzuen artean banatzeko mekanismoa jarriko litzateke martxan.
Mekanismo hori martxan jartzeko, harrera herrialdearen gaitasuna % 150ean egon beharko da, eta herritar kopuruaren eta BPGren arabera neurtuko da.
Diruz ordaintzen duten herrialdeez gain, ez dute errefuxiaturik jaso beharko horiek hartzeko gaitasuna % 100ean dutenek.
Erresuma Batuak, Irlandak eta Danimarkak klausula bereziak dituzte Europar Batasuneko Justizia eta Barne alorretan, eta sistema horretan parte hartu nahi duten ala ez erabaki ahal izango dute; baina Islandia, Norvegia, Liechtenstein eta Suitzak arau guztiak onartu beharko dituzte.