Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Hendaiak Siriako zazpi errefuxiatu hartu ditu
10:00ak aldera iritsi dira bi familia siriarrak Biarritzeko aireportura. Libanon eman dituzte azken urteak errefuxiatu gisa, Siriako gerratik ihesi.
Euskadi Irratia | eitb.eus
Hendaiak (Lapurdi) Siriako bi familiari emango die babesa gaurtik aurrera, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Ipar Euskal Herriko lau udalek agertu diote Prefekturari azken hilabeteotan errefuxiatuak babesean hartzeko borondatea: Maule, Atharratze, Bastida eta Hendaia.
10:00ak aldera iritsi dira bi familia siriarrak Biarritzeko aireportura. Beirutetik 02:00etan atera dira eta Parisetik 06:00ak aldera pasa dira. Libanon eman dituzte azken urteak errefuxiatu gisa, Siriako gerratik ihesi.
Bi familia siriar, zazpi pertsona hartu dituzte babesean: 70 eta 57 urteko bikotea eta 18 eta 17 urteko seme-alabak eta 33 eta 27 urteko bikotea eta 7 urteko haurra. Familiek asilo politikoa dute.
Hendaiako Herriko Etxeak bi etxebizitza eskainiko dizkie.