Gizartea -
Elkarrizketa
'Idomenin 200 metroko ilarak daude janaria jasotzeko'
Errefuxiatuen kanpamentuan dagoen Alvaro Saiz Galdakaoko boluntarioarekin hitz egin du eitb.eus-ek. Euskadin bildutako lau tona elikagai eraman ditu Greziara.
Eider Garaikoetxea | EiTB.EUS
Alvaro Saiz Idomeniko (Grezia) errefuxiatuen kanpamentuan dagoen Galdakaoko boluntarioarekin hitz egitea eta oilo ipurdia jartzea, biak bat. Apirilaren 5etik Mazedoniako mugan dagoen eremuan dago Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteko (GBGE) sortzailea, beste lau lagunekin batera. Bizkaian bildutako lau tona elikagai eraman dituzte Idomenira. Saizen hitzak entzunda, milaka lagunek bizi duten egoera "tamalgarria" gertuago sentitzen da, eta beste hainbeste lagunek emandako laguntza garrantzitsu eta eskerga zein inportantea den ere azalarazi.
Proiektu solidarioetan eskarmentu handikoa da galdakoztarra. Hark bultzatuak dira Hozkailu Solidarioaren ekimena edo Hodei Egiluzen aldeko kanpainen aldeko bat. Mongolian lau urtez egindako lan humanitarioak ere lagundu dio Saizi Idomenin ikusi eta entzundakoa ("zarata etengabea da, zoratzeko modukoa", aitortu digu) hobeto eramaten. Aurpegi alaiena erakusten saiatzen ari da, batez ere umeengatik, "haiek baitira erru gutxien dutenak, hemen errua duen norbait badago, noski", esan digu.
4.000 kilo janari horiek, Mugarik Gabeko Medikuak-ek antolatutako jantoki baten eta Alemaniako elkarte batek sukalde bihurtutako autobus ibiltari bati esker banatzen ari dira. "Nahiko ondo antolatuta dugu", aitortu du.
"200 metroko ilarak sortzen dira janaria eskuratzeko eta 500 lagun egon daitezke zain", azaldu du Saizek. Elikagaiez gain, botikak, arropa eta abar ere behar dira. "Norbaitek umeak eramateko aulkidun edukiontzi bat izango balu eskuetatik kenduko nioke", aitortu du. Izan ere, "uneoro heltzen ari da jendea, behar berriekin".
Horrenbeste gabeziaren aurrean, Alvaro Saizek presarik ez duela esan du: "Beharrezkoa den denbora guztia egongo gara. Bertan 15 egun baino gehiago ez egoteko gomendioa egin digute, egoera oso neketsua baita. Hiru egun daramagu hemen eta ez dakit zein egunetan bizi naizen ere", aitortu du.
Umeei adore emateko edozer gauza
Idomenin ezarritako milaka umeei adore emateko eta irribarre bat ateratzeko boluntarioek edozer gauza egiten dute. Galdakaoko boluntarioak azaldu digunez, "marrazkiak, antzerkiak edo beraiekin jolasten dugu. Itzultzaile baten laguntza lortzen dugunean, eta bakoitzaren bizitza ezagutu ahala, egoerak lur jota utzi zaitzake".
Era berean, "buruko gaitzak jota dauden lagun asko daude hemen, antsietatez, esate baterako; oso tristea da", adierazi du.
Hala ere, txikienen kemena azpimarratzeko dela dio Saizek. "Inoiz ez dut halakorik bizi. Ez zaituzte ezagutzen eta besarkada estua ematen dizute heldu bezain pronto". Egia esan, zuekin berbetan nengoen bitartean ume bat atzerritarraren hanketara bota da.
Errefuxiatuen eta boluntarioen jarrerari dagokionez Saizek dio, "jendearen harrera izugarria" izan dela. "Bilbon bizitzea baino seguruago da; diru-zorroa ahazten baduzu inork ez dizula hartuko ziur nago".
Idomenin aurkitzen ditugun errefuxiatuen egoeraren inguruan, "herri askotakoak dira, Siriakoak, Pakistangoak, eta abar; gatazkatik ihes egindakoak edo arazo ekonomikoak direla eta alde egin behar izandakoak, baina denek behar dute laguntza", azaldu du boluntarioak.
Galdakaoko Boluntarioen Elkarteak zure laguntza behar du elkartasun kanpainarekin jarraitu ahal izateko. "2.200 euro bildu ditugu orain arte, baina horrekin ez dugu edukiontzia mugitzeko adina diru". Edozein diru-laguntza ongietorria izango da errefuxiatuei laguntzeko. Egin ezazu zure ekarpena kontu korronte honetan: ES35 2095 0326 1091 1325 8791.