Gizartea -
Errefuxiatuen drama
Errefuxiatuei Europako harresia irekitzeko eskatu du euskal gizarteak
Milaka lagun elkartu dira Euskal Herriko hiriburuetan egindako mobilizazioetan, Europar Batasunak eta Turkiak egindako ituna errefusatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Milaka euskal herritar kalera atera dira errefuxiatuei babesa emateko eta Europar Batasunak eta Turkiak lortu duten aurre-akordioa errefusatzeko. Itun horren arabera, Europar Batasunera heltzen diren errefuxiatuak Turkiara bidaliko dituzte. Ostegun honetan goi-bilera egingo dute Bruselan akordioa berretsi ala ez erabakitzeko.
Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak antolatu dituzte plataforma ezberdinek, eta sindikatuek, gizarte eragileek, talde politikoek bat egin dute.
Bilbon, mila lagun inguru elkartu dira Arriaga Antzokiaren aurrean, tartean izan dira Unai Sordo (CCOO), Raul Arza (UGT), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Ahal Dugu, Equo eta Ezker Anitzako ordezkariak.
‘EB-Turkia akordioari ez’ lelopean egin dute elkarretaratzea. Europarrak migratzaileak izan direla, migratzea eskubide bat dela eta errefuxiatuak Euskal Herrian ongietorriak direla gogoratu dute hainbat lelo oihukatuz.
‘Ongi Etorri’ plataformako bozeramaileak salatu du Europar Batasunak eta Turkiak adostutako ituna “legez kanpokoa, lotsagarria eta ezmorala” dela.
“Giza eskubideak eta Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna eta Errefuxiatuen Estatutua urratzen ditu”, erantsi du.
Horrenbestez, Espainiako Gobernuari exijitu diote ostegun honetako bileran aipatu akordioa ez babesteko. “Itun horrek agerian uzten du Europar Batasuna egoera ezegonkor batean dagoela, gerratik ihesean beren bizitza arriskuan jartzen duten errefuxiatuei laguntzeko gai ez direnean”, deitoratu du.
Gasteizen, ehun lagun baino gehiago elkartu dira errefuxiatuak babesteko mobilizazioan. Itunaren kontra egiteaz gain, giza eskubideak pertsona guztientzat direla nabarmendu dute.
Besteak beste, Josu Lopez Ubierna PSEko diputatua eta Miren Larrion (EH Bildu), Peio Lopez de Muniain (PSE-EE) eta Oscar Fernandez (Irabazi) Gasteizko udaletxeko zinegotziak izan dira.
Donostian, 500 bat pertsonek manifestazioa egin dute, Gerraren kontrako Plataformak deituta. EAJ, PSE, EH Bildu, Irabazi eta Ezker Anitzako ordezkari politikoek hartu dute parte.
‘UE-Turkia akordioari ez. Giza eskubideak guztiontzat’ lelopean, Boulevardetik abiatu dira eta Loiola kalean amaitu dute martxa.