Gizartea -

errefuxiatuen krisia

Errefuxiatuen minari 'erantzun azkarra' ematea eskatu du lehendakariak

Jaurlaritzaren izenean irakurri duen adierazpen instituzionalean, "Europako Gobernuaren balio-krisia" deitoratu du Urkulluk.

Urkullu
Urkullu
Errefuxiatuen egoerarentzat erantzun azkarra eskatu du lehendakariak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euren herrialdeetatik ihesi, Europara sartu nahian dabiltzan errefuxiatuek pairatzen duten "bidegabekeriak eragindako minari erantzun azkar, eraginkor eta gizatiarra" eman behar zaiela uste du Eusko Jaurlaritzak, eta horren aldeko aldarria egin du Iñigo Urkullu lehendakariak, hark irakurri baitu Jaurlaritzak auzi honen inguruan duen iritzia jasotzen duen adierazpen instituzionala.

Jaurlaritzak gobernu bilera izan du astearte honetan, eta besteak beste, Mazedonian azken orduetan gertatutakoa hartu dute hizpide. Batzarraren ondotik, errefuxiatuen krisiaz eta Europak horren inguruan izandako jarreraz adierazpen instituzionala irakurri du lehendakariak berak, ondoan sailburuak zituela. Urkulluren hitzetan, "Euskadiren ametsa izan da beti Europa, Europa batu eta arimaduna". Dena dela, azkenaldian Europak "arima horri uko" egin diola uste du lehendakariak, eta "Europako Gobernuaren balio-krisia" deitoratu du. "Babes bila dabiltzan lagun horiek pairatzen ari diren bidegabekeriak harridura, mina eta inpotentzia eragiten digu. Gure jarrera etiko eta demokratiko sakonenei eragin die", nabarmendu du lehendakariak.

Jaurlaritzaren adierazpen instituzionalaren arabera, hau ez da errefuxiatuen krisia, "Europako Gobernuaren eta gobernuen balio-krisialdiaren adierazle nagusia" baizik. Izan ere, Jaurlaritzaren aburuz, gobernu horiek "balio instrumentalak pertsonen balioaren aurretik jarri dituzte". Horren aurrean, Euskadik bere "ahots kritikoa" entzunarazi behar du, Urkulluren hitzetan.

"Gu ere errefuxiatuak izan gara"

Lehendakariak esan duenez, euskaldunok ere, uneren batean, "errefuxiatuak izan gara eta beste herrialde batzuek harrera egin digute". Horren ildoan, Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoa adierazi nahi izan du "iheslari diren lagunek jasaten ari diren giza krisiari erantzun azkar, eraginkor eta gizatiarra emateko".  Jaurlaritzaren aburuz, Europak ere "giza eskubideen eta gizaki guztien duintasunaren defentsan duen erantzukizuna onartu behar du, nazioarteko zuzenbidea errespetatuta". Hala, adierazpenak elkartasun, erantzukizun eta legaltasun konpromisoak berreskuratzeko deia egin du.

"Jaurlaritzak eta euskal gizarteak konpromiso horiek bete beharrekoak direla dute, beti amestu eta defendatu dugun Europa batu, gizatiar eta arimadunaren isla baitira", laburbildu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu biografia Eusko Jaurlaritza berriak Europa Gizartea albisteak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Siria gaur