Gizartea -

Errefuxiatuen drama

Irazabal: 'Datozen 6 hilabeteetan Mazedoniara sartzea debekatu digute'

“Ez ginen muga ofizial batetik sartu, baina herrialdean legez kanpo sartzea leporatu digute”, salatu du EiTBko berriemaileak. “Ez gara maila ematen ari”, kritikatu du.

Ane Irazabal ETBko berriemaile berezia. Artxiboko irudia: EiTB
Ane Irazabal ETBko berriemaile berezia. Artxiboko irudia: EiTB
Ane Irazabal: '6 hilabetez ezingo dugu Mazedonian sartu'

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Bisa barik sartzeagatik datozen sei hilabeteetan Mazedoniara berriro sartzea debekatu digute. Ez ginen muga ofizial batetik sartu, baina herrialdean legez kanpo sartzea leporatu digute”, salatu du Ane Irazabal EiTBko berriemaileak atxilotu eta aske utzi ondoren.

Euskal Telebistako kazetariari Grezia eta Mazedonia arteko muga legez kanpo zeharkatzea egotzi zion Poliziak, eta Gevgelija (Mazedonia) herriko komisariara eraman zuten atzo arratsaldean. Gauerdian, 250 inguruko isuna ordainduta, libre geratu zen.

Dagoeneko “indarrak berritu” dituela azaldu du Irazabalek Radio Euskadin. Kazetariaren hitzetan, igande gauean, errefuxiatuen artean panfleto bat banatu zuten, hurrengo egunean Mazedoniara trafikatzaileek erabilitako errepidetik sartu behar zirela esanez. Atzo goizean 800 bat etorkin bat bildu ziren, muga zeharkatzen saiatzeko, horiekin batera 72 kazetari eta ekintzaile, Irazabalek zehaztu duenez.

“Behin ibaia zeharkatuta ez dago hesirik eta Mazedoniako herrixka batera heldu ginen, ia ohartu gabe. Mazedoniako poliziak eta soldaduak agertu ziren eta kazetari eta ekintzaile guztiak atxilotu zituzten”, ziurtatu du. Berriemailearen ahotan, poliziak eta soldaduak “haserre” zeudela ematen zuen.

“Azken aukera zen”

Irazabalek goraipatu duenez, atzokoa “ilusio handiko” eguna izan zen errefuxiatuentzako, baina “azkenean indar handiko kolpe emozionala bihurtu zen”. “Azken aukera zen, guztiak etsita Idomenira itzuliko dira, aukera gehiago izango ez dutela jakinda”, deitoratu du.

“Europa, errefuxiatuen krisia kudeatzen ari diren arduradunak batez ere, Lesbos, Idomeni, Lampedusa eta Cataniara gehiago etorri beharko lirateke, egoera gertutik ezagutzeko”, eskatu du.

Errefuxiatuak “gero eta gaixoago eta haserreago” daudela salatu du EiTBko kazetariak. “Europak errukia azaldu behar du, ez gara maila ematen ari”, kritikatu du. “Gutxienez Idomeniko errefuxiatuentzako irtenbide duin bat aurkitzea” espero du Irazabalek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Batasun europarra Europa Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Kazetaritza Gaurko azken orduko albistea Ane Irazabal azken ordukoa