Gizartea -

Egiluz auzia

Gaur helduko da Euskal Herrira Hodei Egiluzen gorpua

Atzo azken agurra egin zioten Anberesen senitarteko eta lagunek. Galdakaon ostegunean egingo diote omenaldia.

Pablo Egiluz Hodeiren aita, atzoko ekitaldian. EFE
Pablo Egiluz Hodeiren aita, atzoko ekitaldian. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hodei Egiluzen gorpua etxera helduko da astelehen honetan, Anberesko kaleetan desagertu zenetik ia bi urte eta erdi igaro direnean. Hilotza otsailaren 11n topatu zuten Eskalda ibaian, kamerek azkenekoz ikusi zuten lekutik 500 metrora.

Gorpuari autopsia egin ondoren aberriratu dute. Hilotzari egindako probek argi gehiago eskainiko diote berez nahikoa ilun zegoen auziari. Izan ere, 2015eko urriaren 19an, desagertzearen bigarren urtemugan, kasua itxi zuen Fiskaltzak, ikerketan aurrerapenik ez zegoela ikusita. Autopsia gakoa izan daiteke, beraz, gazte galdakoztarrari gertatu zitzaiona argitzeko.

Anberesen azken eguna zutela eta, agur ekitaldia egin zioten atzo senitarteko eta lagunek Belgikako hirian. Anberesko Mas museoan egindako ekitaldian, Egiluzek han egindako lagun eta ezagunek omenaldi xumea egin zioten. Pablo Egiluz Hodeiren aitak nabarmendu zuenez, semearen oroimenak eta ondareak bizirik irautea espero du, "desagertuta dauden pertsonen alde".

Galdakaok, bestalde, martxoaren 10ean agurtuko du Hodei. Ekitaldi zibila izango da, Galdakaoko udaletxearen ondoan, familia eta lagunek antolatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao bideoak Bizkaiko albisteak Belgika argazkiak Hodei Egiluz bideoak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa