Gizartea -
AGURRA
Hodei Egiluzen agur-ekitaldia egingo dute gaur Anberesen
Galdakaok, berriz, martxoaren 10ean emango dio azken agurra Hodei Egiluzi, udaletxearen alboan egingo duten ekitaldi zibil baten bidez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Anberesek agur-ekitaldia eskainiko dio gaur Hodei Egiluz gazte galdakaoztarrari. Joan den hilean aurkitu zuten Egiluzen gorpua Anberesko Eskalda ibaian, bi urtez haren bila ibili eta gero. Gaztearen gurasoek omenaldian izango direla baieztatu dute.
2013an ikusi zuten azkenengoz Egiluz, Anberesen, eta duela hiru aste, otsailaren 12an, Eskalda ibaian aurkitu zuten haren gorpua.
EAEk Bruselak duen ordezkaritzak jakitera eman duenez, Mas museoan egingo da agur-ekitaldia. Omenaldi xumea izango da, eta herritar guztiei zabalduta egongo da. Aurreratu dutenez, Galdakaoko gaztearen gertuko lagunek eta senideek hartuko dute parte agurrean.
Egiluzen familiak ohar baten bidez, eskerrak eman dizkie, berriro, azken bi urteotan bidelagun izan dituzten herritar guztiei. "Zaila da momentu hauetan bizitzen ari garen sufrimendua deskribatzea. Gure eskerrik beroena eman nahi diegu gure ondoan egon diren milaka pertsonei. Mila esker bihotz-bihotzez", dio oharrak.
Galdakaon, martxoaren 10ean
Galdakaok, berriz, martxoaren 10ean emango dio azken agurra Hodei Egiluzi, udaletxearen alboan egingo duten ekitaldi zibil baten bidez. Ekitaldia 20:00etan izango da eta ordu erdiko iraupena izango du, gutxi gorabehera.