Gizartea -

HOZKAILU SOLIDARIOA GALDAKAON

Rodale taldeak Galdakaoko Hozkailu Solidarioa proiektua saritu du

Etxe askotan elikagai ugari alferrik galtzen denez, soberan dauden jakiak aprobetxatzeko abiatu zuten proiektua.

Fernando Izagirre, Alvaro Saiz eta Ainhoa Crespo gaurko aurkezpenean. Argazkia: Galdakaoko udala.
Fernando Izagirre, Alvaro Saiz eta Ainhoa Crespo gaurko aurkezpenean. Argazkia: Galdakaoko udala.
Fernando Izagirre, Alvaro Saiz eta Ainhoa Crespo gaurko aurkezpenean. Argazkia: Galdakaoko udala.

AITOR RUIZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodale talde editorial estatubatuarrak ‘Building a Strong Foundation’ saria eman dio Galdakaoko Hozkailu Solidarioa ekimenari. Etxe askotan elikagai ugari alferrik galtzen denez, soberan dauden jakiak aprobetxatzeko abiatu zuten proiektua, Estatuan abiatu den horrelako lehen ekimena.

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak (GBGE) Galdakaoko Udalaren laguntzarekin batera bultzatutako proiektuaren lehenengo urteko balantzea aurkeztu dute jada.

‘Building a Strong Foundation’ sariak gizartearekin konprometituta dauden proiektuak nabarmentzen ditu. Aurten, Galdakaon elikagaiak xahutzearen kontrako borroka eta horrek gizarteari dakarzkion onurak azpimarratu ditu.

Alvaro Saiz GBGEko koordinatzaile orokorrak eta Fernando Izagirre Galdakaoko Udaleko Ekonomia zinegotziak egin dute balantzea. Horien esanetan, Hozkailu Solidarioa bezalako proiektuek “Galdakaok duen konpromisoa eta elkartasuna” islatzen ditu. Gainera, EHUko Leioako campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasle batzuek ere bat egin dute proiektuarekin.

Rodale talde editorial estatubatuarrak mundu osoan sona handia duten aldizkariak ditu, besteak beste, Men’s Health, Women’s Health, Runners eta Rodale Wellness.

Proiektuaren hazkundea

Dagoeneko lau hozkailu daude Euskal Herriko kaleetan: hiru Bizkaian (bi Galdakaon eta bat EHUren Leioako campusean) eta beste bat Araban (Gasteiz). Aste batzuk barru, beste udalerri batzuetan ere jarriko dituzte, Plentzian, esaterako.

Ekimena gure lurraldeetatik harago zabaldu da. Estatuan, Toledon, Murtzian, Katalunian, Andaluzian eta Valentzian ere jarri dituzte hozkailuak kaleetan, elikagaiak behar dituenaren esku utzi eta, bide batez, alferrik ez galtzeko. Atzerrian, berriz, Brasilen, Hawaiin (AEB) eta Europako hainbat herrialdetan (Polonia, Frantzia, Ingalaterra, Alemania) jarri dituzte.

Hozkailu Solidarioa bultzatu nahi duenak horiek jarri dituzten tokietara joan, eta etxeko hozkailuan aurkitu eta berak kontsumituko ez duen hori bertan sartu besterik ez du egin behar. Halakorik etxetik gertu ez duenak Internet bidez lagun dezake, ekimena bultzatzen duten elkarteei diru-ekarpen bat eginez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao bideoak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gizartea Eguneko albisteak