Gizartea -

% 11,7

Bikoiztu egin da pobrezia arriskuan dauden adingabe kopurua Euskadin

Oinarrizko beharrizanak asetzeko lain ez duten 15 urtetik beherako gazteak 35.000 ziren 2012an, 2004an zenbatutakoen bikoitza.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15 urtetik beherako 35.000 adingabe inguru (adin horretako biztanleen % 11,7) oinarrizko beharrizanak ez asetzeko arriskuan daude Euskadin, hain zuzen, 2004tik 2012era bikoiztu egin da kopurua, 'Euskal haurtzaroaren eta nerabezaroaren errealitatea, zenbakitan. 2014' txostenean agertzen denez.

Ikerketa EDE Fundazioak egin du Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak eskatuta eta, bertan, Euskadiko umeen eta adingabeen egoera aztertu dute, hainbat adierazleren bidez. Besteak beste, ohartarazi du krisiaren eragina are larriagoa dela kolektibo ahulenen artean.

"Haurren kolektiboa egungo krisiak gehien eragin duenetako bat da, pobreziaren gorakadak izan duen ondorioengatik", diote egileek.

Horren ildotik, 2012ko datuekin plazaratu berri den 'Pobrezia eta desberdintasun sozialen gaineko Inkesta' abiapuntutzat hartuta, 15 urtetik beherako 35.000 adingabe (adin horretako biztanleriaren % 11,7) oinarrizko beharrak ez asetzeko arrisku egoeran bizi dira.

Kopuru horrek % 2,6 egin du gora krisia 2008an hasi zenetik, eta bikoiztu egin da 2004tik. Gainera, euskal gizartearen bataz bestekoa ere gainditu du, % 7,3koa baita.

Halaber, kalkulatu dutenez, adin horretako gazteen % 22,2 (66.458 haur) ongizate faltan egoteko arriskuan daude, alegia, gizartean ongizatean bizitzeko beharrezkotzat jo ohi diren gastuei aurre egiteko ezintasunean. Kasu honetan, alabaina, krisiaren hasieran izandako datuak ez dira gehiegi aldatu, baina gizartearen bataz bestekoa ere gainditzen dute (% 19,9).

Ikerketaren arabera, Euskadiko diru-sarreren eta zerbitzu sozialen sistemak ahalbidetu egin du krisiaren ondorioak "arintzea" eta "haurren pobrezia tasak geldiaraztea".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia EAE