Gizartea -

Indarkeria matxista

Hil egin dituzte Cuencan desagertutako bi emakume gazteak

Horietako baten bikotekide ohia, Sergio Morate, da susmagarri nagusia. Italiara ihes egin duela uste dute ikerlariek. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.

Chillarongo lursaila miatu du Polizia Nazionalak zakurrekin. Argazkia: EFE
Chillarongo lursaila miatu du Polizia Nazionalak zakurrekin. Argazkia: EFE
Chillarongo lursaila miatu du Polizia Nazionalak zakurrekin. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura del Hoyo Chamon eta Marina Okarynska Cuencan, abuztuaren 5ean, desagertutako bi gazteen gorpuak aurkitu ditu Polizia Nazionalak, Barne Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez.

Bi emakumeak abuztuaren 5ean desagertu ziren. Emakume baten autoa bikotekide ohiaren etxetik gertu aparkaturik aurkitu zuten. Sergio Morate bikotekide ohia ere desagerturik dago. Bera da susmagarri nagusia, eta autoz Italiara ihes egin duela uste dute ikerlariek.

Polizia Nazionalak bikotekide ohiaren eta haren familiaren jabetzak miatzen eman du aste osoa Cuencan, Palomeran eta Chillaronen. Chillarongo lursailean bi putzu arakatu dituzte.

Gorpuak Huecar (Cuenca) ibaiaren iturburuan topatu dituzte, Barne Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez. Gorpuak ostegun honetako 2:15etik daude hiriburuko Alameda beilatokian, eta autopsia ari zaie egiten goizean zehar. Erredura zantzuak eta kare hondakinak dituzte, ikerketa iturriek zehaztu dutenez. Krimenaren egileak edo egilea gorpuak erretzen saiatu direla ematen du.

Gorpuak buruz behera aurkitu ditu gizon batek. Gizonak Poliziari abisua eman dio berehala. Polizia Nazionala bertaratu da eta zonaldea sokaz hesi du.

Huecar ibaia Palomeratik hiru kilometrora sortzen da. Bikotekide ohiaren familiaren etxea miatu du gaur Poliziak Palomeran.

Elkarretaratzea Cuencan efe

Elkarretaratzea Cuencan. Argazkia: EFE

Epaileak Morate atxilotzeko nazioarteko bilatze agindua eman du

Epaileak Sergio Morate atxilotzeko nazioarteko bilatze agindua eman du. Morate abuztuaren 6tik dago desagertuta eta litekeena da Italiara autoz joan izana. Agindua Europoli eta Interpoli eman zaie, Jose Julian Gregorio Gobernuak Gaztela-Mantxan duen ordezkariak kazetariei san dienez.

Dena den, Gregoriok ez du baieztatu bilatze agindua Sergio Morate hildako bi nesketako baten bikotekide ohiaren aurkakoa den ala ez, susmoak haren gainean badaude ere; halaber, Gregoriok ez du argitu lagun bat ala gehiagoren bila dabiltzan; izan ere, ohartarazi duenez, epaileak sumario-sekretua ezarri du, eta esan du ezin dela inolako pistarik eman, "ustezko erruduna justiziaren esku ahalik eta lasterren egoteko".

Dolumina adierazi die Gaztela-Mantxako Gobernuak senitartekoei

Bi emakumeen familiei bere doluminik bizienak adierazi dizkie Gaztela-Mantxako Gobernuak. Era berean, bere baliabide guztiak bi familien esanetara jarri ditu. Senitartekoek laguntza psikologikoa eskatu dute trantze txarrari aurre egiteko.

“Cuencako bi gazteen heriotzarekin ikaraturik” dagoela azaldu du Alfonso Alonso Osasun ministroak Twitter sare sozialean. Familiei “elkartasuna” adierazi die ministroak. Estatuko segurtasun indarrak “amaierara arte heldu” behar direla gaineratu du.

Cuencako Diputazioak eta Udalak elkarretaratzeak deitu dituzte, gaurko eguerdirako, bi gazteen hilketa gaitzesteko.

Cuenca, hunkituta

Bestalde, 4.500 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten arratsaldean, Cuencan. Senitartekoek elkarretaratzea zuten deituta. Elkartasuna eskertu eta bilaketan laguntza eskatu zuten familiek.

Elkarretaratzea bi pankarta handi erakusten zituzten: "Marina, Laura, zuekin gaude" eta "Cuenca osoa, zuekin. Aurkituko zaituztegu".

"Sistemaren porrota"

Maria Angeles Carmona Genero-indarkeriaren aurkako Behatokiko presidentearen esanetan, Cuencakoa bezalako hilketa matxista guztiak dira "sistemaren porrota". "Atsekabetuta gaude albiste lazgarri honekin".

Akusazioak sumario-sekretupean daude, baina susmagarri nagusiena gazteetako baten bikotekide ohia da; hilketaren egilea bera dela baieztatuz gero, sistemak huts egin duela aitortu beharko genuke. Hilketa guztiak dira sistemaren porrota, aldez aurretiko salaketa egonda edo ez egonda", azaldu du Carmonak, Ser katean, Europa Pressek bildutako elkarrizketan.

_____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak albisteak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Desagertutako pertsonak gaur Giza hilketak