Gizartea -

Iñigo Cabacas

Ugartekok gezurretan aritzea egotzi die tiro egin izana ukatu zutenei

Ertzainburuak argitu du Deustuko ertzainetxetik emandako aginduak eman zituela Maria Diaz Haron zegoen buruak ez zuelako behar bezala jokatu.

Manu eta Josefina, Iñigo Cabacasen gurasoak. EiTB
Manu eta Josefina, Iñigo Cabacasen gurasoak. EiTB
Iñigo Cabacasen auzian, polizia-buruak lehenengoz deklaratu du

1:03

AGENTZIAk | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Ugarteko' deritzon ertzainburuak Iñigo Cabacas hil zutenean tirorik bota ez zutela esan zuten hainbat lankideei gezurretan aritzea leporatu die, eta are gehiago, tokian bertan zegoen arduradunak gaizki jokatu zuela adierazi du.

Ia 5 orduko deklarazioan, lekuko gisa, alde guztien galderei egia erantzun behar izan die ertzainburuak.

Ugartekok argitu du Deustuko ertzainetxetik emandako aginduak eman zituela Maria Diaz Haron zegoen buruak ez zuelako behar bezala jokatu.

Ertzainburuaren lekukotzak epaileak hasieran ukatutako inputazio berri gehiago ekar dezakeela uste du defentsak. Orain arte 4 agente inputatu daude, tiro egiteko agindua bete izana aitortu dutenak.

Iñigo Cabacasen lagun eta senideek kritikatu dute Segurtasun sailak erantzukizunak argitzeko batere neurririk hartu ez izana.

Gertakaria

2012ko apirilaren 5eko segurtasun operazioaren arduraduna izan zen 'Ugarteko'. Egun horretan, Athleticen garaipen bat ospatzen ari zen gazteak Ertzaintzaren pilotakada bat jaso zuen buruan, eta lau egun geroago hil zen, ospitalean.

Polizien arteko grabazioek agerian utzi zutenez, 'Ugarteko'k oldartzeko agindu zien agenteei, nahiz eta "egoera lasaia zen eta kontrolpean zegoen", bertaratu ziren ertzainen iritzian. Hain zuzen ere, borroka bat egon omen zelako joan ziren poliziak bertara.

Lehen oldarraldia egin ostean, ertzainek esku hartzeko arrazoirik ez zegoela berretsi zioten ertzainburuari, baina horrek eutsi egin zion aginduari: "Errepikatu egingo ditut aginduak, argi gera daitezen: sar zaitezte kalezuloan daukagun guztia erabilita, sar zaitezte Herriko Tabernan".

Cabacas Liceranzu sendiaren abokatuak, Jone Goirizelaiak, hainbatetan eskatu du 'Ugarteko' deklaratzera deitzea.

Iñigo Gogoan plataformak elkarretaratzea egin du gaur goizean Bilboko epaitegiaren aurrean, eta Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen operazioaren aginduak 'Ugarteko'k eman zituela gogorarazi du. Halaber, Ertzaintzaren eredua aldatzeko deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas urteurrena Ertzaintza Euskal Autonomia Erkidegoa