Gizartea -

Hirugarren urteurrena

Hiru urte Iñigo Cabacas gabe; 1.092 egun epaiketaren zain

Ikerketa judizialak aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu azken asteetan, Basauriko gaztea hil zuen tiroaren ustezko egilea identifikatu baitute.

Manuel Cabacas: 'Semea hil ziguten, eta inork ez du oraindik ordaindu'

0:23

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, apirilak 9, hiru urte dira Iñigo Cabacas Athletic Clubeko zale gaztea Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil zela. 36 hilabete eta 1.092 egun joan dira harrezkero, eta sendiak justizia eskatzen jarraitzen du, epaiketa noiz egingo zain.

"Nire semeak ez zuen inor hil, gu ez gara errudunak; guri hil digute semea", eta "ordaindu egin behar dute, ertzainak izan arren", esan dute Josefina Liceranzuk eta Manu Cabacasek, Iñigoren gurasoek, ETBren kameren aurrean egindako adierazpenetan.

Hiru urte hauetan, ikerketa judizialak aurrerapauso gutxi eman ditu, baina azken asteetan nobedade garrantzitsuak izan dira. Izan ere, Iñigo hil zuen tiroaren ustezko egilea identifikatu dute.

"Adituek egindako probek erakutsi egin dute tiro egin zuela aitortu zuen agenteetako bat tiroa egin zuten lekuan, distantzian eta perimetroan zegoela", azaldu zuen martxoaren amaieran Jone Goirizelaiak, Cabacas familiaren abokatuak.

Horren esanetan, hori "datu inportantea da ikerketarako, ahozko epaiketa abiatzea eskatu ahal izateko" eta "egile materiala nor izan zen zehazteko".

Espainiako Poliziaren adituek epaileari ondorio horien berri eman zioten egunean bertan, 'Cabacas auzia'ren "amaiera egokiena" tiroaren egilea nor izan zen jakitea izango litzatekeela adierazi zuen Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren egungo zuzendariak. Nolanahi ere, "handik aurrera", pertsona horri "zer gertatu zitzaion" argitu beharko litzatekeela gaineratu zuen. "Ez da nahikoa jakitea nork egin zuen tiro; testuingurua ere ezagutu behar da, balorazio orokorra egiteko", ohartarazi zuen.

Bideoa: Cabacas auzia zabalik dago oraindik, hiru urteren ostean

Tragedia 2012ko apirilaren 5ean jazo zen, gauerdi partean, Bilboko Maria Diaz Haroko kaleko kalezulo batean. Bertako tabernetan milaka pertsona batu ohi dira Athleticek partida duen egunetan.

Egun horretan, hain zuzen ere, Athleticek eta Schalke 04 talde alemaniarrak jokatu zuten, eta zuri-gorriak Europa Leaguerako finalerdietarako sailkatu ziren. Ospakizun unea zen, beraz.

Partidaren ostean, Ertzaintza kale horretara joan zen, eta gomazko pilotak jaurtitzen eta bertan zeudenen aurka oldartzen hasi zen. Pilota horietako batek Iñigo jo zuen, buruan, eta handik eta bost egunera hil zen, ospitalean.

Garai hartan, Rodolfo Ares sozialista zen Herrizaingo sailburua. Horren esanetan, Ertzaintzak borroka baten berri izan zuelako joan zen kale horretara.

Dena dela, bertaratu ziren ertzainen eta Deustuko Ertzain-etxeko buruen arteko solasaldien grabazioek agerian utzi dutenez, Ugarteko izenarekin aipatzen zuten ertzainburu batek oldartzea agindu zien agenteei, bertaratu ziren agenteen iritzian "egoera lasaia zen eta kontrolpean zegoen" arren.

Lehen oldarraldia egin ostean, ertzainek esku hartzeko arrazoirik ez zegoela berretsi zioten ertzainburuari, baina horrek eutsi egin zion aginduari: "Errepikatu egingo ditut aginduak, argi gera daitezen: sar zaitezte kalezuloan daukagun guztia erabilita, sar zaitezte Herriko Tabernan".

Une horretan, 23:40an, ertzainak bigarrenez oldartu ziren, lehen baino bortitzago. Karga horretan, hain justu, jaso zuen pilotakada Iñigo Cabacasek.

Bideoa: Kargan parte hartu zuten ertzainen elkarrizketaren grabazioa

Duela aste batzuk, Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak aitortu egin zuen oldartzeko erabakia ez zela "egokia" izan.

Cabacas sendiak Ugarteko deklaratzera deitzea eskatu du, eta Juan Calparsoro EAEko fiskalburua ere horren alde agertu da, "gizarteak" behar diren beste deklarazio egitea nahi duelako, gertatutakoa "guztiz argitzeko".

Tiroaren ustezko egilea identifikatu eta gero, operazioa nork diseinatu zuen eta, Ugarteko-k ez ezik, beste norbaitek ere oldartzeko erabakia eman ote zuen argitzea dira familiaren hurrengo urratsak. Une honetan, bost ertzain daude inputatuta.

Gaur, Athletic-Valentzia partidan, Iñigo Cabacas Herri Harmailak 9 minutuko isilunea egingo du San Mamesen, Basauriko gaztea oroitzeko. Senideek eta lagunek larunbatean ere omenduko dute, 18:00etan, Maria Diaz Haroko kalean bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Iñigo Cabacas urteurrena Bilbo Basauriko bideoak Ertzaintza EAE