Gizartea -

Euskera

EH Bildu Urquijoren kontra, euskararen aurka 900 helegite sartzeagatik

"Aktak euskara hutsean bidaltzeagatik, dozenaka" udalen kontra jarritakoak izan ditu hizpide Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak.

Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia. Argazkia: EiTB
Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia.
Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren ordezkaria euskararen erabileraren inguruko neurriak "oztopatzeko" erabiltzea leporatu dio EH Bilduk PPri, eta azken bi urteetan EAEko ordezkariak sartu dituen "900 helegite baino gehiago" jarri ditu adibide gisa.

Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak Donostian emandako prentsaurreko batean egin du salaketa, Lur Etxebarria legebiltzarkidea, Inko Iriarte batzarkidea eta Luis Intxauspe Hernaniko alkatea alboan zituela.

Olanok azaldu duenez, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Administrazioan euskararen erabilera sustatzeko neurrien kontra jo du, eta dagoeneko "900 helegitetik gora" sartu ditu.

"Horrek agerian uzten du PPk, Euskal Herrian gero eta ordezkari gutxiago duenak, Gobernuaren ordezkaria erabiltzen duela erakundeek egindako akordioak oztopatzeko, udalen kasuan bereziki", gaineratu du.

Gaur egun Gipuzkoako Ogasunaren zuzendari denak azaldu duenez, "aktak euskaraz soilik bidaltzeagatik" sartu ditu Urquijok helegite asko, edo udalak UEMA mankomunitatean sartu direlako, etab.

Nafarroan ere "antzeko zerbait" gertatzen omen da, Olanoren esanetan, Carmen Alba ordezkariak "antzera jokatzen" duelako, "udalen akordioen eta Parlamentuaren erabakien kontra jota".

Egoera horren aurrean, "demokratikoki aginduei muzin egiteko garaia" iritsi dela iritzi dio Olanok, eta Kontseiluak datorren larunbaterako "Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara" lelopean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Espainiako Gobernua EH Bildu Euskadiko PP berriak