Gizartea -

Bilbon

Gizon batek emazte ohia lepoan zauritu eta bere buruaz beste egin du

Gertaera bart izan da, Otxarkoaga auzoan. Ondoren, gizona Boluetara abiatu da eta bere buruaz beste egin du.

Gizon batek bikotekide ohiari eraso, eta trenbidera bota du bere burua

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

38 urteko gizonezko batek bikotekide ohiari eraso dio bart, Otxarkoagako etxebizitza batean, eta ondoren hil da gaur, astelehena, Bilbon goizeko lehenengo orduan trenak harrapatuta, Bolueta auzoan, Segurtasun Sailak ohar baten bidez zabaldu duenez.

Emakumeari zauri arinak eragin dizkio lepoan, eta hiriburu bizkaitarreko ospitale batera eraman dute.

Gertaeraren kontakizuna bart gauerdian hasi da; Ertzaintzak dei bat jaso du, Otxarkoaga Bilboko auzoko etxebizitza batean genero indarkeriako eraso bat gertatzen ari zela ohartarazteko.

Ondoren, zenbait polizia-auto eta anbulantzia bat bidali dituzte, biktima artatzeko, lepoan zauritu baitzuen gizonak. Antza denez, emakumea etxetik irtetera zihoan, txakurrarekin batera, bikotekide ohiarekin topo egin duenean, eskailera-buruan zain baitzuen.

Gizonak berriro etxean sartzera behartu du, eta orduan lepoan zauritu du. Momentura arte, ez dute zehaztu zer objektu edo arma erabili duen erasoan. Horren ostean, Ertzaintzak protokoloa abiarazi du, erasotzailea bilatzeko.

8:15ak aldera, Bolueta parean trenak pertsona bat harrapatu duela ezagutu du Ertzaintzak, abisu baten bidez. Polizia, suhiltzaileak eta anbulantzia bat bertaratu dira, eta mediku batek gizon bat hil dela baieztatu du.

Topatutako agirien arabera, ordu batzuk lehenago aipatutako Otxarkoagako erasotzailea da hildakoa.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Indarkeria matxista Azken ordukoa Bizkaia Delituak bideoak