Gizartea -

Amiantoa

Amiantoaren biktimek helegiterik ez jartzea eskatu diete enpresei

Enpresen "helegite zentzugabeek" sendien mina "areagotu" egiten dutela salatu du Asviamie elkarteak.

Amianto
Amianto
Amianto

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amiantoaren biktimen euskal elkarteak (Asviamie) gizarte arloko epaitegiek ezarritako isunen aurka helegite gehiagorik ez jartzea eskatu die enpresei.

Asviamiek agiri batean egin du eskakizuna, EAEko Auzitegi Nagusiak aipatu helegite horietako bat errefusatu eta gero. Hain zuzen ere, Ercros konpainiak Donostiako Gizarte arloko 4. epaitegiak publikatutako epai baten aurka aurkeztutako helegitea errefusatu du.

Donostiako epaitegiak 2012. urtean hildako emakumezko baten sendiari 92.882 euroko kalte-ordainak ematera zigortu zuen Ercros konpainia. Emakumezkoak Errenteriako lantegian egin zuen lan 1960. urtetik 1966. urtera, plastikozko piezak aztertzen eta lixatzen. Pieza horiek amiantoa zuten, eta biktimak "inolako babesik gabe" maneiatzen zituen.

2010. urtean, minbizia atzeman zioten, eta, handik eta urtebetera, Gizarte Segurantzak lanerako ezintasun iraunkorra aitortu zion. 2012an, hil egin zen.

Asviamieren esanetan, Escrosek ez zuen ukatu emakumeak amiantoarekin egiten zuela lan, ezta babes araudiak "erabat" urratu zituela ere, baina biktimaren aitak ere minbizia izan zuela eta, hortaz, emakumearen gaixotasunaren kausa genetikoa izan zitekeela argudiatzen saiatu zen helegitean.

EAEko Auzitegi Nagusiak errefusatu egin zuen helegitea, eta Donostiako epaitegiaren epaia baieztatu zuen.

Amiantoaren biktimen elkartea "pozik" agertu da erabaki horrekin, eta enpresen "helegite zentzugabeek" sendien mina "areagotu" egiten dutela salatu du.

Hori dela eta, helegite gehiagorik ez jartzea eskatu die enpresei eta patronalari, eta biktimei kalte-ordainak emateko funts bat sortzea Eusko Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gizartea Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea EAEko Justizia Auzitegi Nagusia