Gizartea -
Nafarroako Parlamentua
Legezko abortu seguruari babesa emateko eskatu diote Gobernuari
Nafarroako Parlamentuko Osasun batzordeak ebazpena onartu du. PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak aldeko botoa eman dute. PPNk eta UPNk, ostera, kontrako botoa eman dute.
Erredakzioa
Kontrazepzioa, legezko abortu segurua eta munduko zein Nafarroako emakume guztien hezkuntza sexualaren aldeko nazioarteko kanpainarekin bat egiteko eskatu dio gaur Osasun batzordeak Nafarroako Gobernuari.
Nafarroako eta Espainiako exekutiboei "abortua ez zigortzeko beharrezkoak diren arau guztiak diseinatzea eta garatzea" eskatu diete ebazpenean. Era berean, "haurdunaldia eten behar den kasuetan (arriskuak eta arazoak) osasun zerbitzuek emakumeak artatzea" bermatu behar dutela adierazi du ebazpenak. UPNk eta PPNk kontrako botoa eman dute.
Hala ere, ekimena aurrera atera da PSN, Bildu, Arala-NaBai eta Ezkerraren aldeko botoekin. "Mundu guztian abortuaren despenalizazioa edo haurdunaldia eten behar den kasuetan (arriskuak eta arazoak) osasun zerbitzuek emakumeak artatzea bermatzeko nazioarteko erakundeetan esku hartzeko", eskatu diete gobernuei.
Azkenik, "mundu osoan, eta bereziki Nafarroan, emakumeek eta haien seme-alabek kalitatezko osasun zerbitzu unibertsaletara jotzeko aukera izan dezaten zirt edo zart esku hartzeko", eskatu diete exekutiboei.